argia.eus
INPRIMATU
72 diputatu independentistek lehendakaria batzarrean hautatzea proposatu dio Masek CUPi
  • Aurreikusia zegoen bezala, CUPek hitza bete du eta ez dio sostengurik eman Artur Masi Kataluniako Parlamentuak Generalitateko presidentea hauta dezan. Ostegunean egingo da berriz bozketa Legebiltzarrean.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 10a
Antonio BaƱos eta Artur Mas Kataluniako Legebiltzarrean.

Asteartean gehiengo osoa behar zuen Masek hautatua izateko, baina ostegunean gehiengo osoa bakarrik beharko du. Horretarako, baina, CUPeko bi diputaturen botoa beharko du eta Antonio Bañosek argi utzi dio egoera Masi: "Tripulazioa baduzu, baina ez zara kapitain gisa aterako hemendik. Itzuli ostegunean".

CUPek egindako pertsonalismo akusazioei erantzunez, Masek esan du ez dagoela horrelakorik eta bi adibide jarri ditu. Bata, bera laugarrena izan zela Junts Pel Síren hautagaitzan; bestea, irailaren 11n egindako manifestaziooak: "bihotzak eskatzen zidan horietan egotea eta ni ez nintzen joaten. Ostegunean itzuliko naiz, bai, eta zuek erabakiko duzue".

Asteazkenekoak bi ezusteko nagusi eman ditu, osoko bilkura hasi aurretik CUPeko diputatu Benet Salellasek iragarri baitu Raül Romeva proposatuko zutela Generalitateko lehendakari gisa, eta honek, hedabideei egindako adierazpenetan hautagaia Mas zela berretsi du, baina ez dio ate guztiz itxi bera izateari ere.

Osoko bilkuraren amaieran Masek jaurti dio proposamena CUPi: "Proiektu independentistarekin aurrea egiteko 72 boto gaudela diozue. Hortaz, zergatik ez gara biltzen horiek guztiak eta bozkatzen dugu nor izango den gobernuko presidentea?". Eta CUPeko bozemaile Antonio Bañosek, JxSí-ko guztiek bera bozkatuko ez luketela aditzera emanez, horretarako prest direla erantzun dio, "baldin eta bozketa sekretua baldin bada".

Eguneko gertakizun nagusia CUPeko eserlekuetatik etorri da, Xavier García Albiol PPko bozemailearen hitzaldiari ironiaz betetako txalotu zaparrada sutsua eskaini diotenean, legebiltzarkide guztiak ezustean harrapatuz, baita PPko buruzagia ere.