Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan 70.000 pertsona inguru elkartu dira Bilbon. Kontseiluak akordio soziopolitikoa eskatu du, euskararen aurkako oldarraldi judizialari hesia jartzeko eta etorkizunera begirako hizkuntza politikak bideratu ahal izateko.
Ertzaintzak emandako datuen arabera, 70.000 manifestari bildu dira Bilboko kaleetan. Euskaltzaleek olatu euskarafoboaren aurrean kezka eta haserrea agertu dute, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egin den manifestazioan. 17:00ak pasatxoan abiatu da manifestazioa Euskalduna Jauregitik eta azken manifestariak 18:00etan hasi dira ibiltzen. Euskararen alde egindako mobilizaziorik handienetakoa izan da. Ibilbidean zehar txistularien eta gaita-jotzaileen doinuek alaitu dituzte milaka manifestariak. Norbanakoez gain, alderdi politiko, sindikatu, herri mugimendu eta gizarte eragile ugarik egin du bat manifestazioarekin.
“Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat”. Manifestazio nazionala Bilbon#EuskararekinBat #Euskara @kontseilua pic.twitter.com/6AclOTL9u9
— Carles (@chmasia) November 4, 2023
Ordezkari politiko eta sindikalak
Alderdi politiko eta erakunde publikoetatik, besteak beste, hauek izan dira Bilbon. Erakundeetatik: Bakartxo Tejeria, Unai Hualde, Eider Mendoza, Ramiro Gonzalez, Leixuri Arrizabalaga, Esther Apraiz, Juan Mari Aburto, Eneko Goia, Beatriz Artolazabal, Unai Urruzuno, Idurre Bideguren, Sonia Jacinto, Iker Casanova, Juankar Izagirre eta Adolfo Araiz. EAJtik: Itxaso Atutxa eta Joseba Egibar. EH Bildutik: Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Eba Blanco eta Maddalen Iriarte. Sumarretik: Lander Martinez eta Andeka Larrea. Geroa Baitik: María Solana eta Jabi Arakama. EH Baitik: Paulo Arzelus Aramendi eta Mikel Irastorza Artola.
Ondoko sindikatuetako ordezkariak izan dira: ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Etxalde, Hiru eta Lanartea. Euskal Herritik kanpo, katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren aldeko mugimenduetako ordezkariak ere Bilbora etorri dira euskararen aldeko manifestazioari babesa ematera.
Manifestazioaren burua udaletxera heldu denean, Oskorriren Euskal Herrian euskaraz entzun da bozgorailuetatik, eta ondoren, Ruper Ordorikak milaka manifestariren aurrean kantatu du Zaindu maite duzun hori abestia. Segidan, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak hitzartzea egin du.
Akordio soziopolitiko berri bat
Eskisabelek akordio soziopolitiko berri baten beharra azpimarratu du, oldarraldiari eusteaz gain, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko: “Euskalgintzaren Kontseiluak ezinbestekoa ikusten du akordio soziopolitiko berri bat, oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena. Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala”. Agintari politikoei egin die dei batik bat: “Bereziki dei egiten diegu erakunde eta indar politikoei akordio berri horren parte eta bultzatzaile izan daitezen, sen onez, etorkizun oparo bat bermatzea helburu hartuta”.
Kontseiluko idazkari nagusiak egoeraren larriaz hitz egin du. Azaldu du nola ari den botere judiziala hizkuntza politika egiten, eta epaitik epaira kezka eta larritasuna areagotuz doazela: “Ari gara, larritasunaren zenbatekoa azaltzeko hitzik gabe geratzen”. Oldarraldiak “justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan atzera egitea” esan nahi duela azaldu du.
Jauzi baten beharra
Globalizazioaren aurrean, bizimodu digitalizatuan eta hizkuntza nagusiak gero eta nagusiagoak diren mundu honetan, euskarak erronka izugarriak dituela aitortu du Eskisabelek, eta ezinbestekotzat jo du hizkuntza politiketan jauzi bat egitea etorkizuneko erronka horiei guztiei behar bezala aurre egiteko: “Jauzi bat behar da hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, ikus-entzunezko eta kultur ekoizpenerako baliabideetan, eremu sozio-ekonomikoaren lanketan, euskal herritar berriei behar bezalako hizkuntz harrera egiteko baliabideetan…”.
Hesia zubi
Oldarraldiari eusteko hesi moduan deskribatu du Eskisabelek manifestazioa, baina “harago joateko garaia” dela esanez bukatu du hitzartzea: “Aurre egitetik aurrera egitera. Beraz, hesi baten ordez, hau izan dadila zubi bat etorkizunera”.
Kontrapas abestiarekin amaitu da manifestazioa, Euskara, jalgi hadi plazara! kantatuz, oraindik jende andana udaletxeko zubira iritsi gabe zegoela.