Irantzu Lekue artista gasteiztarrak 7.000 oinetako inguru bildu ditu Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazaren eta udaletxearen artean. Zapata guzti horien bitartez osatutako irudiez gain, udaletxera zuzentzen den gezi beltz bat ere osatu da.
Ekintzaren bidez “Gasteiz berri, jator, integratzaile, zabal eta kultur aniztasun zein elkartasunean oinarriturikoa irudikatu” nahi izan ditu artistak. Maroto alkateak sustatzen dituen “politika arrazista eta baztertzaileak” ere salatu ditu.
Gora Gasteiz plataformak adierazi duenez, “artelan honek herriaren batasuna adierazten du, pertsona bakoitza desberdina dela ahaztu gabe. Zapata bakoitza pertsona batena da eta honek bertan utzi ditu bere bizipenak. Zapaten eta bizipenen metatzeak herriaren batasuna islatuko du, bere desadostasunak eta bazterketa egoerak aldatzeko.”