argia.eus
INPRIMATU
700 txerri hil dira Donostiako San Tomasetako ospakizunetarako
  • Urtero milaka pertsona biltzen dira Donostian abenduaren 21ean San Tomasak ospatzeko. Aurreko urteetako datuen arabera 10,6 tona txistorra banatzen dira, Askekintza animalien askapenaren aldeko taldeak azaldu duenez. Horren aurrean postu begano bat jarriko dute Gipuzkoa plazan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 21

Txistorra txerriaren haragiz eta urdaiez egiten da, xehatu eta baratxuria, gatza edota piperrautsa gehituz. Harakin bakoitzak bere metodoa du, baina Askekintzak eginiko estimazioen arabera 697 eta 871 txerri artean hiltzen dira egun honetarako txistorra lortzeko.

Askekintzako kideak Gipuzkoa plazako 78. postuan egongo dira kokatuak. Bertan txerririk hil gabe eginiko txistorra probatzeko aukera egongo da.

Errezeta beganoak Gabonetarako

Begane blog berria estreinatu dute errezetak, aholkuak eta beste hainbat kontu eskuragarri izateko. Bertan “%100 begetal sukaldaritza etikoa” landuko da. Horrelako zerbait eskaintzen duen lehen euskarazko bloga da. Gabonetara begira, lehen errezetak eskuragarri daude bertan.