Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.
Ostegun honetan Israelgo Armadak 200 erasotik gora egin ditu Libanon eta Hezbollah-k 50etik gora suziri eta misil jaurti ditu Israelen aurka. Israelgo erasoek dagoeneko 700 pertsonatik gora hil dituzte eta milaka zauritu eragin; horrez gain, 90.000 pertsona baino gehiagok euren bizilekuetatik ihes egin behar izan dute.
Hezbollah-k jaurtitako suziri eta misil gehienak airean zirenean bota ditu Israelek, baina beldur dira areagotzen badira denak kontrolatu ahal izango dituzten. Ostegun honetan, adibidez, Hezbollahk berriz egin zien eraso Haifako hainbat gune militar eta zibilei. Hezbollah-k ondo gordeta duen suziri eta misil egitura mugikor hori guztia suntsitu nahian ari da orain Israelgo armada.
Tel Aviv hiriburuan ere ostegun gauen sirena hotsak entzun ziren Yemengo hutiek jaurtitako misil bat zela eta. Azkenean airean suntsitu zuten defentsek, baina Al Jazeerak argitaratutako bideo honetan ikusten den gisan, herritarren artean izua barreiatu zuen.
Israelgo erasoen oinarrian bi arrazoi plazaratu dituzte, bata "bere herritarrak Israelgo iparraldera itzultzea" eta bestea "bere burua defenditzeko eskubidea". Datuek ordea, argi uzten dute erasorik handienak nondik datozen: urriaren 7tik gaurdaino Israelek Libanon egindako erasoak Hezbollah-k Israelera egindakoak baino bost aldiz gehiago dira; biktimei erreparatuta, data horretatik erasoaldi handia hau hasi arte, Israelek 711 pertsona hil ditu Libanon eta Hezbollah-k 26 pertsona.
Nazioarteko su-eten deiak
NBEk, EBk eta AEBek su-etenerako deia egin dute, baina Israelek erantzun du bere helburua Israelgo iparraldeko herritarrak euren etxeetara itzultzea dela eta hori lortu arte ez duela amore emango. Azken saioa asteazkenean izan zen, AEBek eta Frantziak 21 eguneko su-etena proposatu zuten baina Israelek atzera bota zuen lehen unean. Bigarren idatzi batean, ordea, Benjamin Netanyahuk adierazi zuen AEBak giltzarri direla Ekialde Erdiko edozein irtenbidetan eta kontuan izango zutela bere proposamena.
Su-eten dei horiek, dena den, gero eta sinesgarritasun gutxiago dute, batez ere AEBenak, eta nazioarteko eragile ugarik kosmetikotzat jotzen dituzte, besteak beste, Israelek egiten dituen erasoak AEBek iazko urriaren 7tik etengabe hornitutako armekin egiten direlako.
2006ko inbasioaren itzala
Iragan asteazkenean Hezi Halevi Israelgo Armadako jeneralak soldaduei esan zien oraingo erasoak “balizko lur erasoa prestatzeko” egiten ari zirela, armada prest zela eta aginduen zain zirela. Eta hegazkinez gain, 2006ko inbasioaren itzala ere ikus daiteke bi herrialdeen muga gainean.
Israelek 2006ko uztailaren 17an ekin zion lur erasoari eta abuztuaren 5ean 10.000 soldaduk bakarrik lortua zuten sei kilometro aurrera egitea Libano barrurantz. Aurreikusi gabeko Hezbollah-ren erresistentziarekin egin zuten topo. Abuztuaren 14an sinatu zuten su-etena. Inbasio hark 20.00 hildako ekarri zizkion Libanori eta herrialdeko hegoaldea eta Beiruteko zati handi bat txikituta geratu ziren. Israelgo aldean 157 soldadu hil ziren, Associated Press-eko datuen arabera, eta Israelek 300.000 bat herritar mugitu behar izan zituen iparraldeko lurretatik. Hala ere, Hezbollah-k garaipentzat du gerra hura, Israel erretiratu beharra lortu zuelako. Erretiratze hark prestigio handia ekarri zion arabiar munduan.
Orain zer gertatuko litzateke?
Inork ez daki, baina argi dago Israelek konfiantza handia duela bere buruan eta bere aliatuek emango dioten babesean, eta urriaren 7tik gaurdaino gertatutakoak ematen dio horretarako arrazoirik. Bi dira ildo nagusiak, batetik uste da Hezbollahk indar handia garatu duela 2006tik hona, bai jende aldetik, bai armetan, baita prestakuntzan ere.
Talde xii-ak 2011n Sirian hasitako gerran Bashar al-Assaden alde agertu zen eta bere soldaduak han trebakuntza handia hartu dute. Beste ikuspegiak dio Hezbollah-k orain ez duela Israelen ezustean harrapatuko, 2006an moduan. Adibidez, Ekialde Erdiko Carnegie ikerketa zentroko alboko zuzendari den Mohanad Hage Alien ustez, “Israelen infiltrazio eta teknologia ahalmen 2006an baino askoz handiagoa da, eta Hezbollah-ren morala ordukoa baino askoz ahulagoa da”.
Baina Libanokoaz gain, hainbatek uste du Israelek, Hezbollah kolpatzeaz gain, operazio honekin begirada Gaza eta Zisjordaniatik desbideratzea lortu nahi duela. Gaza jendez husteko bere estrategian jarraitzen duela, eta horren hurrengo urratsa izango dela Gazako iparraldea guztiz husteko agindua. Aldi berean, Zisjordanian ere Israel armada eta kolonoen erasoak biziki areagotuko direla uste dute palestinar askok, ondoko artikuluan azaltzen den moduan.