Tragedia humano bat eta kutsadura kalte larriak sortzeaz gain, Zaldibarko luiziak arazo logistiko handi bat zabaldu du lurralde guztietara, eta hondakinen egungo kudeaketa eredua auzitan jarri du.
Erraustegiekin “zabortegien aroa” amaituko zela errepikatu izan du zenbait agintarik behin eta berriz azken hamarkadan –Zubietako plantaren ondokoari “eskorien madurazio gune” izena jarri diote–, baina Iñaki Arriolak hankaz gora jarri du diskurtso hori astearte goizean Zaldibarko luiziaz Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematean: "Zabortegiak beharrezkoak ditugu eta izango ditugu".
Herritarrei birziklatzearen inguruko lezioak ematen aritu diren bitartean, EAEn urtero 3,5 milioi tona hondakin industrial sortu izan dira bestelako eredu jasangarririk bilatu nahi izan gabe, hiri hondakinen kopurua ia hirukoizten duen arren. "Arazo handi bat daukagu hondakin industrialekin", gaineratu du Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburuak. Ez du azaldu baina, nola eta zergatik iritsi garen horraino.
Zaldibarko kasuak agerian utzi ditu egungo eredu pribatizatuaren interesak eta erakunde publikoen prebentzio falta. Zabortegi horretara milioi erdi tona material eramaten zen urtero –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hondakin “inerteen” %20 inguru–, eta Verter Recyclingek 700 bezero baino gehiago zerbitzatzen zituen, horietako 200 enpresa handiak ziren. Kamioikada horiek guztiak noraezean geratu dira: “Oraintxe bertan inbutu moduko bat daukagu”, onartu du Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailburuordeak.
Arazoa gure ekonomiaren bihotza omen denera ere irits liteke eta “irtenbidea” bilatzen ari dira zenbait industriak ez dezan produkzioa “gelditu” behar izan. Eusko Jaurlaritza egunotan bildu da fundizioa, metalgintza eta papergintzako patronalekin, baita beste zabortegietako ordezkariekin ere. Emantzat jo dute hondakin industrial zein arriskutsu horietako asko “esportatu” egin beharko dutela.
Gipuzkoan ere eragingo du kudeaketa kaskar honek sorturiko hondakinen larrialdiak. Mutiloako Lurpe zabortegia egun gutxi barru itxiko du Cespak; arrapaladan hartu du erabakia, Zaldibarko luizia gertatu eta egun gutxira, hondakinen kontrol faltaren inguruko susmoak aireratu direnean. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du mankomunitate eta enpresekin bilduko dela zer egin aztertzeko.
Zaldibarko luiziaren arrastoa hedatzen ari da gero eta esparru gehiagotara, azaleratu du zabortegi inkontrolatuak kudeaketa eredu jakin baten oinarrian zeudela, eta krisi humano, sanitario, ekologiko, ekonomiko eta politikoa sortu du.