Iazko datuekin alderatuta, hamarretik sei saio ez dira egin, eta 735.000 euro ingurukoa da galera ekonomikoa. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du.
Urtearen amaiera aurreko hamabi hilabeteetako irakurketa egiteko baliatu ohi da. Aurtengoan, gainera, esanahi berezia hartzen du, pandemiak eragin handia izan baitu bertso saioen kopuruetan eta ezaugarrietan, besteak beste.
Xenpelar Dokumentazio Zentroko datuen arabera, 2019an, bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi egin ziren; aurtengoa amaitzerako iragarrita daudenak aintzat hartuta, aldiz, 2020an, 435 egingo direla aurreikusten da. Bestela esanda, bi urteak erkatuta, hamarretik sei saio ez dira egin. Horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du berekin.
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek, eta, ondorioz, bertso saio mota jakin batzuengan ondorioak handiagoak izan dira.
Lagunarteko eta libreko saioen kasua da hori. Saio hauek osatzen dute multzorik handiena urteroko bertso plazan: alegia, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituzten librekoak. Aurten, %58 jaitsi dira otorduetakoak, eta %86 librekoak.
Jaialdiak, hau da, bertsolariak oholtzan eta haien aurrean ikus-entzuleak egoten direnak, izan dira egoerari ondoen eutsi diotenak, nahiz eta iaz baino gutxiago izan diren: 138 egin dira, %37 gutxiago. Kasu batzuetan, lagunartekoen eta librekoen ordezko ere izan dira, hauek egiteko baldintzak ez zegoelako.
2020ko abenduan egindako saioetan, 52tik 41 jaialdiak izan dira (iaz baino gehiago, iaz 23 egin baitziren). Lagunartekoak 0 (iaz 15), plaza libreak 2 (iaz 20) eta bat-bateko bereziak 9 (iaz16).