argia.eus
INPRIMATU
70 urteko alargun donostiarraren etxegabetzea saihesteko deia egin du hainbat eragilek
  • Irailaren 21ean 11:00etan Caixabanken aurrean bilduko dira etxegabetzea salatzeko eta ekintza saihesteko pausoak eman daitezen presionatzeko. Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta Berri eta Inquilinos Azora plataformak dira antolatzaileak. 70 urteko alargunak alokairuko bost kuota zor ditu eta Coral Homes funts putreak demanda jarria dio hilaren 27an etxetik ateratzeko. Semeak amarena zen etxea abal moduan erabili ondoren galdu zuen etxea emakume donostiarrak.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 20a
2020ko ekainean Stop Kaleratzeak plataformak eta Benta Berriko bizilagunek egindako agerraldi bat. Argazkia: Irati Salsamendi / Irutxuloko Hitza.

Hiru plataformek idatzitako oharrak dioenez, Ramona alarguna Amara Berriko etxearen jabea zen. Jabetza galdu zuen semeak mailegu baten abaltzat erabili zuenean. Caixabanken eskuetan geratu zen eta honek enkante bidez esleitu zuen etxebizitza. Jabetza galduta, semeak alokairu kontratua egitea lortu zuen, hilean 920 euro. Etxearen jabe zenak 689 euroko alarguntsa pentsioa dauka.

2019an Caixabanken higiezinen agentziak etxebizitza uzteko demanda jarri zion Ramonari eta jabetza Coral Homesi transmititu zion.

Irailaren 21eko prentsaurrekoan Caixabanki eskatuko diote Coral Holmesekin beharrezko gestioak egitea etxegabetzea bertan behera uzteko eta ziurtatu dezan bizitza osoan etxe horretan geratzeko aukera izango duela. Plataformek gogorarazi dute Donostiako Udalaren bitartekaritza espero dutela, 2015ean banku eta inbertsio funtsek eskatutako etxegabetzerik gabeko hiri deklaratu zelako.

Coral Holmesek epaitegian demanda bertan behera utziko ez balu, plataformek aditzera eman dute ez dutela baztertzen 27an etxegabetzearen aurkako pikete publikoa deitzea.