argia.eus
INPRIMATU
70 pertsona hil dira 2020an lanean Hego Euskal Herrian
  • Sindikatuek ohartarazi dutenez, nahiz eta 2020eko datu ofizialek hobekuntza txiki bat iragarri duten lan-istripuen arloan, horiek ez dira jarduera ekonomikoaren neurri berean jaitsi. Eta heriotza kopuruak gora egin du: 3 hildako gehiago izan dira 2020an, aurreko urtean baino. Araban 12 hildako gehiago izan dira aurreko urtean baino, Gipuzkoan eta Bizkaian zortzina hildako gehiago eta Nafarroa da langileen heriotza kopurua gutxitu duen lurralde bakarra, aurreko urtean baino lau hildako gutxiagorekin. Sindikatuek gogoan izan dute Joaquin Beltran otsailaren 6tik desagertuta dagoela, Zaldibarko zabortegia erori eta urtebetera.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 16a
Argazkia: ESK.

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta HIRUk Sindikatuek salatu dutenez, COVID-19aren eraginez agindutako geldialdi ekonomikoak ez du 2020an lan istripuen eta gaixotasun profesionalen "drama" geldiarazi. Gauzak horrela, EAEko eta Nafarroako gobernuei premiazko neurriak hartzea exijitu diete, besteak beste, langile kopurua handitzea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratzea, mutuak publifikatzea edo prebentzio-arloan zigortutako enpresen kontratazioa debekatzea.

Hemen irakur daitezke sindikatuek argitaratutako datuak osorik.

Era berean, gogorarazi dute laneko istripu eta gaixotasun asko ez direla halakotzat hartzen: istripu larri gisa kalifikatzen direnak, in-itinere, etxeko langileen istripuak, trafikoko istripu gisa erregistratzen diren garraiolari-istripuak... Gainera, datu ofizialek sindikatuen estatistikek baino %54 istripu hilgarri gutxiago zenbatu dituzte: "Batek jakin nolako aldea dagoen istripu eta gaixotasun arinen eta larrien artean, batez ere, osasun-sistema publikora etengabe bideratzen diren gaixotasun profesionalen kasuan, mutuek eta enpresek dirua aurrezten duten bitartean", deitoratu dute.

Azpimarratu dute prekaritatea eta enpleguaren kalitate txarra direla laneko istripu eta gaixotasunen arrazoi nagusiak, eta horri gehitu behar zaizkiola bai fisikoki bai psikologikoki pandemiak langile klaseari eragindako kalteak. "Ez ditugu ezagutzen koronabirusagatik kutsatu edo hil diren langileen datuak", salatu dute.

"Egoeraren larritasuna ikusita", urtarrilaren 15ean EAEko eta Nafarroako gobernuei egindako eskaerak berretsi dituzte.