Maiatzean jarri zuen salgai Nafarroako Gobernuak Los Arcoseko zirkuitua, eta joan den astean MSV Group enpresa britainiarrari saldu dio zazpi milioi euroan. Zirkuituak urtero lau milioi euroko zorra eragiten zion foru gobernuari.
2010ean jarri zen abian zirkuitua, UPNko Miguel Sanzen gobernuaren garaian, eta denbora honetan guztian Nafarroako Gobernuak gastatu dituen 70 milioi euroak kontuan hartuta, ogasun publikoak 66 milioi galdu ditu.
Foru gobernuko ordezkariak pozik azaldu dira operazioarekin, maiatzean 15 milioi eurotan saldu nahi izan zuten, baina publikoki azaldu dutenez, aholkularitza batek sei milioi euroko salneurria jarri zien eta prezio horretan saldu du azkenean Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi azpiegituren sozietate publikoak (NICDO).
Javier Onieva Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko kontseilaria izan da 2018tik iragan udara arte, eta salmentaren lehen lerroko lekukoa izan da. “Nik adierazi nuen ez nukeela 50 milioi baino gutxiagogatik salduko, baina enpresako zuzendaritzakoek esan zidaten hori ezinezkoa zela, ez zela merkatu prezioa”, zioen Diario de Noticias-en egindako elkarrizketan.
Onieva Foru Ogasuneko teknikaria izan da 35 urtez, eta haren esanetan, Urralburu auziaren ondoren, Los Arcoseko zirkuitua da Nafarroan diru publikoarekin egindako iruzurrik handiena”. Bere esanetan, 70 milioi euro zaborretara bota dira, orain eskuratuko diren zazpi milioi horiek bere garaian hartutako 35 milioiko mailegua kitatzeko erabiliko baita; pixka bat itxaron balitz, zirkuitua Nafarroako ondarean geldituko litzateke; lehen ere bazen, baina aurrerantzean oso gastu txikiarekin. Ondoren ikusi beharko litzateke eskualdearen onurarako nola erabili. Gainera, dioenez, berak eskuartean dituen ikerketen arabera, zirkuituak ekonomian eragindako onuraren %70 Errioxako erkidego autonomora joan da.
Hasieratik abiatu zen gaizki proiektua. 2013ra arte kudeaketa publikoa izan zuen zirkuituak, baina hastapenetik izan zituen galerak. Ondoren, 2018ra arte Los Arcos Motosport enpresa pribatuak kudeatu zuen, baina emaitza onik gabe, oso baldintza egokiekin utzi bazitzaion ere. MSV Group arduratuko da orain kudeaketaz, eta esperientziarik behintzat ez zaio falta, Erresuma Batuan sei zirkuitu dituelako eta bat Paris ondoan.
Lehen une batean Jesús Samaniego Vianako enpresari nafarrak berak ekin behar zion zirkuituaren eraikuntzari, bere lurretan, eta sei milioi euroko aurrekontua zuen horretarako. Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera, aldiz, 22 milioi euro behar ziren eta Samaniegok atzera egin zuen bere diruarekin. Miguel Sanzek, aldiz, aurrera egin zuen nafar guztien diruarekin. Gerora Nafarroako Kontuen Ganberak zirkuituaz egindako azterketaren arabera, Nafarroako Gobernuak faborezko tratua eman zion aipatu enpresariari, honek atzera egin bai, baina azkenean, gobernuak haren enpresari esleitu ziolako zirkuituaren eraikuntza.
Orain PSNk saldu du zirkuitua, zeharka bada ere UPNri leporatuz hasieratik gaizki abiatu zen proiektua, baina PSNko buruek proiektu hura sostengatu egin zuten. Tandema egin zuten urte luzez, Ivan Gimenezek El Corralito liburuan bikain azaldu zuen bezala. Eta txistea borobiltzeko-edo, hamabi urte geroago, UPNk nafarren ondarea saldu izana leporatu dio PSNri, eta gisa honetako proiektuen onura luzera ikusten dela.