“Zenbat dira Gasteizen kultura sortu, kultura sustatzen duten guneak?”, galderari erantzuteko abiatu zuten Orainaldia proiektua. Kultura alternatiboa sortu eta sustatzen duten 70 gune inguru zerrendatu eta story-map batean kokatu dituzte.
Iñaki Landak egin zion bere buruari galdera hori. Zabaldu duten idatzian diote gozotegien, pintxo ederren eta jatetxe eleganteen mapak badirela, baita instituzioek eskaintzen dituzten kultur eskaintzen mapak ere, baina kultur alternatiboaren maparik ez.
“Kontzertuak, zuzeneko emanaldiak, arte erakusketak nonahi egiten zirela ikusten nuen. Agenda leporaino betetzeko aukera eskaintzen digun egitarau ez ofiziala zegoela ikusi eta horri forma ematea erabaki nuen”, azaldu du Landak.
Dagoen eskaintzaren oparotasuna ikusita, pertsona bakarrak mapa guztia egitea ezinezkoa zela ondorioztatu zuen Landak, eta auzolanari ekiteko Orainaldia proiektua sortu zuten.
Mapa egiteko “eskuzabaltasunez eta malgutasunez” jokatzea erabaki zuten, kultura ez delako “matematika”. Kultur ekimenak “antolatu, sustatu eta laguntzen dituzten guneak” sartzea erabaki dute, eta mapan egoteko, guneak leku publikoa izan behar du, besteak beste. Hala, Zuloa, Monstrenka, Errekaleor eta gaztetxea bezalako 70 gune baino gehiago jarri dituzte mapan.
Mapa telefonoentzako app bilakatzeko asmoa dute “kultura agenda” sortzeko. Baina behin proiektuarekin hasita, erabaki dute ez mugatzea story-mapera. Gasteizko gazte sortzaileen istorioak kontatzea erabaki dute, eta dokumentala egiten ari dira.
Hona hemen mapa: