Lan istripu ez-traumatikoak izan daitezke, besteak beste, bihotzekoak jota hildako langileak, iktusak edota konortea galdutakoak. Iaztik igo egin da horien gisako heriotzen ehunekoa. LABek salatu du lan istripu guztien atzean lan baldintzak eta lanaren ezaugarriak daudela: "Erritmo azkarrak, presioak, lan zamak…". Heriotza traumatiko gehienak eraikuntza sektorean gertatu dira, ia denak altueratik erorita.
69 langile hil dira lanean 2022an, 2021ean baino bat gehiago. Gehienak lan istripuen ondorioz izan baziren ere, 23 heriotza ez-traumatikoak izan dira.
LAB sindikatuak hildako langileen zerrenda eta kasuistika argitaratu du, urtero bezala. Euskal Herrian hildakoak zein behin-behinean atzerrian lanean zihardutela hil direnak hartzen ditu aintzat. Nafarroan hil dira hogei langile, Gipuzkoan hemeretzi, Bizkaian hamabost, Araban bederatzi, Lapurdin bat, eta beste bat Nafarroa Beherean. Euskal Herritik kanpo behin-behinean lanean ari ziren lau langile hil dira, gainera.
Heriotzak sektoreka
69 heriotzetatik hamabost industria lanetan izan dira: horietako hamar istripuz, eta bost arrazoi ez-traumatikoengatik. Eraikuntza sektorean gertatu dira, bestalde, heriotza traumatiko gehien: hamahiru, eta horietatik 11 altueratik erorita.
Garraio lanetan hamar langile hil dira: bost trafiko istripuen ondorioz, eta beste bost arrazoi ez-traumatikoengatik.
Lehen sektoreko zortzi langile hil dira, halaber: horien erdiak, basolanetan istripua izan zutelako. Gainontzeko heriotzak, hirugarren sektorean gertatu dira.
Orotara, sei langile hil diralanerako joan-etorriko bidaietan.
LABen zerrendan hamabi kasutan adina zehaztu gabe badago ere, hildako gehienak 40 eta 60 urte bitartekoak ziren (37). Bostek 30 urte baino gutxiago zituzten, eta beste bostek 60 baino gehiago.