argia.eus
INPRIMATU
673 enpresa eta norbanakok 319,9 milioi euro zor diote Nafarroako Ogasunari
  • Nafarroako Ogasunak 120.000 eurotik gora zor duten enpresa eta norbanakoen zerrenda argitaratu du. 673 dira hauek, eta denen artean 2020an 319,9 milioi euroko zorra pilatu dute Nafarroako Ogasunarekin. Aurreko urtean baino 33 zordun gehiago ageri dira zerrenda honetan, eta 15,8 milioi euro gehiago da denen artean zor dutena.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 29a
Epaiketetara iritsi den Flores eraikuntzak da Nafarroako Ogasunarekin 2020an zorrik handiena pilatu duena: 6,3 milioi eurotik gora.

Zorraren gehiengoa, %93,06 alegia, egoitza Nafarroan duten 635 entitaterena da. Eta sektoreei erreparatuz gero, zorrik handiena, %39,04 (124,9 milioi), etxe eta eraikuntza sektoreak sortutakoa da. Bigarren zorrik handiena, %21,37, hostalaritza eta komertzioak sortutakoa da.

Zor duten enpresa horietatik 92 ixteko prozeduratan daude eta hauek pilatzen dute zorraren %24,17a (77 milioi euro, alegia).