argia.eus
INPRIMATU
6,6 milioi euroko zigorra ezarri dio CDCri Bartzelonako Auzitegiak legez kanpoko komisioengatik
  • Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko (CDC) diruzain ohiari lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Bartzelonako Auzitegiak. Harekin batera kondenatu ditu Felix Millet, Jordi Montull eta Gemma Montull Palauko arduradun ohiak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 15a
Arg: EFE

2009ko uztailean Esquadra Mossoak Bartzelonako Musikaren Jauregian sartu ziren. Zortzi urte geroago, astelehen goizean jakinarazi dute Palau auziko epaia. Felix Millet, Jordi Montull eta Gemma Montull Palauko arduradun ohiak, bederatzi urte eta zortzi hilabete, zazpi urte eta sei hilabete, eta lau urte eta bost hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu dituzte hurrenez hurren.

Hiru akusatuek Palauko kontuak desbideratu izana onartu dute epaiketan. Fiskaltzarekin akordio batera iritsi ziren hiru akusatuak egozten zizkieten delituak onartzearen truke. Akordio horri esker fiskaltzak akusatuentzako zigor eskaera murriztu zuen, Germa Montullek esaterako espetxea ekidingo zuen akordioaren arabera. Epaileak ordea lau urtera handitu du Palauko finantza zuzendari ohiaren zigorra eta beraz espetxera joango da.

Daniel Osacar CDCko diruzain ohiari berriz lau urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak. Osacar izan bada ere CDCko akusatu bakarra, CDC alderdia bera ere 6,6 milioi euroko zigorra ordaintzera kondenatu du Bartzelonako Auzitegiak. Jordi Pujol eta Artur Mas, Generalitateko presidenteen alderdia, desagertuta dago egun, haren ordez sortu zuten PDeCat.