argia.eus
INPRIMATU
650 tontorretarainoko ibilaldiak egin dituzte espetxe politika “bidegabea” salatzeko
  • Larunbatean milaka herritar Euskal Herriko 650 tontorretara igo dira espetxe politika “bidegabea” salatzeko, Sarek eta Bake Bideak antolatutako ekimenean.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 10
Argazkia: Ekinkilik

Milaka herritar 650 tontorretara igo ziren larunbatean, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatuz. Sare eta Bake Bideak Izan Bidea dinamikaren baitan antolatu dute mendi tontorren igoera egun indarrean dagoen espetxe politika "bidegabea" salatzeko, eta "elkarbizitzarako eta bakerako bidea" hartzeko borondatea erakusteko.

Sareren ustez, euskal presoei eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionez “aurreranzko urratsak” ematen ari dira, eta aldaketa garai bat bizitzen ari gara: “Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara. Baita, graduen progresioari dagokionean ere, oso gutxinaka bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira”. “Sakonekoa” eta “errokoa” ez den arren, probestu beharreko aukera dela eta bide berriak zabaltzeko baliagarria izan daitekeela uste dute.

“Tantaka” bada ere, emandako aurrerapausoak aldarrikatzeko egin zuten kalera irteteko deialdia: “Inoiz baino garrantzitsuagoa da konponbiderako eta presoen etxeratze prozesua garatzeko gure nahia kalean azaleratzea, gehiengoaren nahia zein den ikusaraztea. Bultzada hori gabe, ez da sekula etxerako bidea gauzatuko”.

“Konponbidea. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen bildu garenok egin dugun bidea”. Horrez gain, bidegabekeria amaitzeko Izan Bidea egitasmoarekin jarraituko dute eta jendeari mobilizatzeko deia egin diote. Ekimenaren helburua hiru milioi kilometro egitea da eta jada milioi bat kilometrora iritsi dira. Larunbateko ekimenaren bitartez 350.000 kilometro gehiago egin dituzte.

Argazkia: Ekinklik.
Imagen
Argazkia: Sare.

<

Imagen
Argazkia: Sare.