Espainiako Gobernuak asteartean jarriko du martxan neurria. 65 urtetik gorako pertsonak aretoetara bueltatzea sustatu nahi da, haiek direlako pandemia ostean zinemara joateko ohitura berriro hartzea gehien kostatzen ari zaienak.
Zinema sustatzeko plana Euskal Herriko 35 zinema-aretok jarraituko dute uztailaren 11tik aurrera, eta adinekoentzat prezio murrizketa eskainiko dute. Asteko egun batean aplikatuko da beherapena; ahal bada astearteetan jartzea eskatu zaie. Aretoa astearteetan ixten badute edo asteburuetan besterik irekitzen ez bada, beste egun batean jarriko dute.
Ikusleak aretoetara itzultzea bilatzen da prezio murrizketarekin. Zinema-aretoak izan dira pandemiak gehien kaltetutako kultura-sektoreetako bat. Adinen artean desberdintasuna agerikoa da: 20-24 urteko gazteen %49,3 joan dira gutxienez behin zinemara 2021etik 2022ra, eta adinekoen artean, %6a soilik.