argia.eus
INPRIMATU
65 milioi errefuxiatu: errekor tristea Siriako gerraren ondorioz
  • 65,3 milioi errefuxiatu zeuden 2015ean munduan ACNUR Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuen agentziak argitaratu berri duen txostenaren arabera. Lehenengoz 60 milioiren langa gainditu da.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 20a
65,3 milioi errefuxiatu zeuden 2015an munduan ACNUR Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuen agentziak argitaratu berri duen txostenaren arabera. (Argazkia: Acnur)

Geroz eta gehiago dira gerra eta jazarpenetatik ihesi euren etxea edota herrialdea utzi behar duten pertsonak. ACNURrek ohartarazi du errefuxiatuen zifrak gorantz egin duela “modu esanguratsuan eta sistematikoki”, azkeneko lau urteetan. 2014an 59,5 milioi errefuxiatu zeuden; bost milioi gehiago ziren pasa den urtean.

Gorakada honen arrazoi nagusia Siriako gerra da. Errefuxiatuen jatorriko lehenengo herrialde bihurtu da, bost milioi errefuxiaturekin. 2010ean 20.000 pertsona baino gutxiago ziren herrialdetik irten zirenak. Orain arte Afganistan izan da errefuxiatuen jatorriko lehen herrialdea, 2,7 milioirekin. Somaliatik joan behar izan duen jende kopurua ere handia da, 1,12 milioi iheslari.

ACNURrek salatu du errefuxiatuei babesa ematen dieten herrialdeak garapen bidean daudenak direla. Saharaz hegoaldeko Afrika da hain justu errefuxiatu gehien jasotzen dituen inguru geografikoa: 44 milioi pertsona. Somaliako, Sudango eta Afrika Erdiko Errepublikako iheslariak dira. Europak 4,39 milioi pertsonari eskaini die babesa eta %58 Turkiak hartu ditu. Gehienak siriarrak dira, 2,54 milioi hain justu.  

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna

Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko hiri eta herri askotan izango dira mobilizazioak ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean. Bilbon, esaterako, arratsaldean egingo da manifestazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deiturik. Donostian ekainaren 19an antolatu zuen elkarretaratzea Gipuzkoako Harreraren Aldeko plataformak. Hiru bizikleta martxa egin ziren gainera, Zarauztik, Irundik eta Hernanitik abiatuta Donostiako Bulebarreraino, errefuxiatuekin elkartasuna adierazteko.

Hainbat aldarrikapen daude mobilizazioetan. Alde batetik, Europar Batasunaren babes eta asilo neurriak salatu nahi dira, giza eskubideak urratzen dituztelako. EBk Turkiarekin martxoan sinatutako hitzarmena gaitzetsi nahi da, “ilegala eta lotsagarria” dela argudiatuta. Aldebakarreko erabakiak hartzeak Europako herrialdeek jasotzen dituzten asilo eskaerak oztopatzea dakarrela salatzen dute. Gainera, hitzarmen honen ondorioz Europara ailegatzeko migrazio bide berriak abian jarri dira, arriskutsuagoak, eta jada 25.000 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko ahaleginetan.

Gauzak horrela, elkarretaratzera deitu duten erakunde, sindikatu eta alderdi politikoek EBk asilo neurri hauek baztertzea eta giza eskubideak errespetatuko dituztenak martxan jartzea eskatzen dute, babes egoera bermatzeko eta iheslari den orok harrera duina izateko.