argia.eus
INPRIMATU
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari
  • Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 04a
Irailean ehunka lagunek bat egin dute Manteoko berdegunea "bakean uzteko" eskatzeko. Argazkia: Olatz Balda / Irutxuloko Hitza

Gros eta Ulia auzo artean dauden Manteo eta Zemoria parkeetan eraiki nahi dute Basque Culinary Centerreko egoitza berria. Proiektuak polemika eragin du jakitera eman bezain pronto. Kontra agertu diren eragileek ondoko arrazoiak azpimarratu dituzte, besteak beste: Groseko berdegune bakarra suntsituko du proiektuak, hiriaren turistifikazioan sakontzen lagunduko du eta lur publikoa galduko dute donostiarrek. Hori dela eta, mobilizazioak eta protestak egin dituzte Basque Culinary Center Manteo eta Zemoria parkeetan jartzearen aurka.

Azken egitasmoa, erreferendum bat antolatzea izan da. Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan, eta emaitzak jakinarazi berri dituzte, Irutxuloko Hitzak zabaldu duenez. Galdeketa Internet bidez eta hiriko zenbait lekutan jarritako bozkalekuetan egin dute.

Emaitza argia izan da. 6.948 lagunek parte hartu dute, eta horien %96,53ak parkeak babestearen aldeko botoa eman dute. Hau da, proiektua hor eraikitzearen aurka agertu dira 6.486 lagun. 222k (%3,30) bozkatu dute parkeak ez babestearen aurka, 11 lagunek zuri bozkatu dute (%0,16) eta gainerako 229 botoak baliogabeak izan dira. Antolatzaileek "oso balorazio positiboa" egin du prozesuaz eta emaitzaz.