argia.eus
INPRIMATU
63.000 herritarrek eman dute botoa Gure Esku Dagoren galdeketetan
  • Estatus politikoari buruzko herri-galdeketak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 udalerritan. 247.812 herritar zeuden deituta bozkatzera, eta 63.237 joan dira, %25,5. Parte-hartzea egonkortu dela ondorioztatu dute antolatzaileek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 08a
Arg.: @GureEskuDago

Eskualdeka, Debabarrenan % 18,74koa izan da parte-hartzea, Durangaldean % 22,25ekoa, Lea-Artibain % 41,63koa, Uribe Butroen % 25,92koa, Uribe Kostan % 19,57koa eta Urola Kostan % 31,34koa. Daturik onena Aulesik (Bizkaia) lortu du, %70,40, eta okerrena Eibarrek (Gipuzkoa), %11,39. Boto-emaileen % 96,24k baietz erantzun diote galdetutakoari eta %2,28k, berriz, ezetz.

Egunaren balorazio positiboa egin du erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak. "Olatu handia zetorrela ikusten genuen eta handia izan da", esan du Angel Oiarbide bozeramaileak. Giza katean lortutako kopuruetara iritsi direla nabarmendu dute eta parte-hartzea egonkortu dela ondorioztatu dute.

Igandeko galdeketekin dagoeneko 91 dira erabakitzeko eskubidea praktikara eraman duten udalerriak eta 300.000 botoa ematera deitutako herritarrak. Parte-hartzea %27,66koa izan da, oro har, eta iritzia emandakoen artean %95,38k baietz esan dute.

Ekainaren 10ean Herritarron Ituna aurkeztuko du Gure Esku Dagok Bilbon. Erabakiaren bidean "jauzi bat" izango dela ziurtatu dute.