Ezbeharra astelehen goizean izan da, eta gizonaren emazteak 13:23ean dei egin die larrialdi zerbitzuei. Bi biktimak bihotz-gelditze egoeran aurkitu dituzte, eta sorospenek ez dute lortu horien bizitza salbatzea. Umea herriko bizilaguna zen.
Traktore istripu baten ondorioz, 63 urteko laborari bat eta 12 urteko ume bat hil dira astelehenean, uztailaren 15ean, Aiherran (Nafarroa Beherea). Gizonaren emazteak dei egin die sorospenei 13:23ean, laboraria bazkalorduan ez baitzen iritsi etxera, France Bleuk informatu duenez. Gizonarekin traktorean zegoen umea auzokidea zen.
Ezbeharra Zabaltzeko bidean izan da. Gizona inausketa lanetan ari zen malda handiko toki batean, eta traktorea irauli egin da, Naizek jaso duenez. Goizean izandako euriteen ondorioz, lurra bustia izateak istripua eragin izan lezakeela adierazi dute hainbat iturrik, baina istripuaren benetako arrazoia argitzeke dago.
Larrialdi-zerbitzuak iritsi direnean, bi pertsonak ibilgailutik kanpo aurkitu dituzte. Biak bihotz-gelditze egoeran zeuden, eta sorosleak suspertzen saiatu arren, bi biktimak hiltzat jo dituzte Smur-eko medikuek. Herriko alkatea Arno Gastambide eta Frantziako Jendarmeria bertaratu dira istripu gunera. Gastambidek herritarrentzat “gertaera oso tragikoa” izan dela azpimarratu du, Berriak jaso duenez.
Ezbehar hau kontatu gabe, 32 lan-heriotza izan dira aurten Euskal Herrian, iturri sindikalen arabera.