argia.eus
INPRIMATU
63 milioi eurotan erosi du Espainiako Gobernuak Letoniaren isiltasuna Kataluniarekiko
  • 313 militar eta 80 ibilgailu bidali ditu Errusiako mugara Espainiako Defentsa Ministerioak “bere borondatez” eta Espainiako Kongresuaren baimenik gabe. Orain arte Kataluniako independentzia prozesuaren alde agertu den Letoniako Gobernuaren isiltasuna lortu du horrela.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 19a

Iritsi zen urriaren 27a. Ez zen edozein ostiral, Errepublika berri bat jaio zen Mediterraneoan, Kataluniako Errepublika. Parlamentuko eskaileretan ehunka alkate euren makilak goian, eta aurrean Kataluniako Gobernua munduari albistearen berri ematen.

Ordu gutxi iraun zuen ordea ilusio hark. Nazioartea isilik eta hitz egiten zutenek Espainiako Konstituzioaren defentsan egin zituzten adierazpenak. José Manuel García-Margallo Espainiako Atzerri Ministroa izandakoak, 13TV katean onartu zuen “fabore askoren truke” lortu zutela isiltasun hura.

Letonia da isiltasunaren truke saria jaso zuenetako bat. Izan ere, Kataluniako independentzia prozesuarekiko aldekotasun handia adierazi izan du Letoniak azken urteetan. 2013. urtean esaterako, Valdis Dombrovskis orduko Letoniako lehen ministroak onartu zuen, ez zutela inongo arazorik Eskozia eta Katalunia estatu independente gisa onartzeko. Ordutik ugariak izan dira prozesuaren aldeko keinuak.

Urriaren 27an ordea ez zuten errepublika onartu, zergatik? Margallo ministro ohiak aipatutako faboreen artean dago, Espainiako Gobernuak Errusiako mugan egin berri duen maniobra militarra, 63 milioi euroko kostua izan duena. 313 militar eta 80 ibilgailu mobilizatu ditu Espainiako Estatuak, Kongresuari inolako baimenik eskatu gabe, legeak eskatzen duenaren kontra.