argia.eus
INPRIMATU
%6,2 igo dira indarkeria matxistagatiko salaketak EAEn
  • 4.879 delitu erregistratu dira urtarriletik irailera bitartean. Salaketen gehiengoa dira bikotekide edo bikotekide oiharen aldetik jasotako indarkeria kasuak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 20a
Argazkia: IREKIA

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako txosten baten arabera, EAEn %6,2 igo dira indarkeria matxistagatiko salaketak 2023ko urtarriletik irailera bitartean. 2022ko aldi berarekin alderatuta nabarmen igo da kasuen kopurua, eta orotara 4.879 delitu erregistratu dira aurten. Jaurlaritzak azpimarratu du kontuan izan behar dela kopuruak kasu edo salaketenak direla, ez emakumeenak, ohikoa baita emakume batek delitu bat baina gehiago salatzea.

Bizkaia izan da kasu gehien izan dituen lurraldea, eta ondoren Araba; bietan delituek %10eko igoera izan dute. Gipuzkoan, ordea, beherakada txiki bat izan da erregistratutako delituetan.

Emakumearen aurkako delitu-tipologian, salaketarik ohikoenak dira bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako ohiko tratu txar fisikoak eta irainak. Aurten 3.569 kasu izan dira guztira, 2022an baino %7,2 gehiago. Ondoren, askatasunaren aurkako delituak daude, besteak beste, mehatxuak edo jazarpena, eta heriotzei dagokienez, bi emakume hil dituzte aurten euren bikote edo bikotekide oihak, Orion eta Gasteizen.

Bestalde, etxeko indarkeria kasuak daude, hau da, familia edo etxe barruko indarkeria, bikotekide edo bikotekide ohiak alde batera utzita. Etxea izaten da erasoen bigarren ingurune nagusia. Aurten 836 kasu erregistratu dira. Azkenik, sexu-askatasunaren aurkako delituetan ia %20ko gorakada izan da, 459 kasurekin.

2024erako plan estrategikoa

Gaur egun 5.616 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes-motaren bat salaketa ipini ondoren. Egoera horren aurrean, lehenengo lehendakariorde Josu Erkorekak adierazi du Jaurlaritza emakumeak indarkeria matxistaren aurrean erabat babesteko plan estrategiko berri bat garatzen ari dela 2024erako. Ordurako izango dituzte aurrekontu-konpromisoak. Plan horrek hainbat neurri biltzen ditu, hala nola ikerketa-taldeak handitzea, arriskua baloratzeko tresnak ebaluatzeko hitzarmenak finantzatzea, tresna informatikoak eguneratzea, eragileentzako prestakuntza eta komunikazio-kanpainak.