argia.eus
INPRIMATU
60tik gora migratzaile aurkitu dituzte kamioi baten barruan AEBetan, horietatik 46 hilik
  • Texasen (AEBak) aurkitu dute kamioia. Kamioitik zetozen oihuak entzuten zirelako ireki zituzten ateak eta hilotz piloa topatu zituzten barruan. Hiru gizon atxilotu dituzte gertakariarekin zerikusia dutelakoan. Susmoa dago biktimak beroagatik eta deshidratazioagatik hil direla.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 29a
El Paso, Mexiko eta AEBren arteko muga. Argazkia: Simon Foot; Flickr.

San Antonio hiri estatubatuarrean jazo da ezbeharra ekainaren 27an, Mexikoko mugatik 250 kilometrora. Hipotesi nagusia da kamioia Mexikotik atera zela. Mugatik pertsona-trafikatzaile asko igarotzen direla eta askotan kamioiak erabiltzen dituztela ziurtatu du BBCk. San Antonioko alkate Ron Nirenbergek “giza tragedia” izan dela adierazi du 51 migratzaileen zentzea.

Hildakoak Mexikokoak, Guatemalakoak eta Honduraskoak ziren eta CNNk ziurtatu du 51 gorpuetatik 34 identifikatuak izan direla. The Guardianen arabera migratzaileetako 46 kamioian bertan hil ziren eta beste 5 ospitalean zendu ziren. Hamasei pertsona –horietatik lau umeak– ospitalera eraman zituzten, esna eta kontziente zeudela.

Hiru pertsona atxilotu dituzte gertakarien harira, horietako bat kamioi gidaria. Gidariak kamioia abandonatu egin zuen, oraindik ez dakite zenbat denboraz egon ziren bertan migratzaileak harrapatuta. Hiriko alkate Ron Nirenbergek etorkinak mugaz gaindi eramaten dituzten sareei leporatu die ezbeharraren erantzukizuna eta geroz eta modu organizatuagoan lan egiten dutela salatu du.

BBCk adierazi du San Antonioko klima oso beroa dela udako hilabeteetan, eta ekainaren 27an 39,4 graduko tenperaturak izan zituztela. Uste da beroa eta deshidratazioa izan direla heriotzen eragile.