Herritarren Segurtasunerako lege proiektu berria dauka esku artean Espainiako Gobernuak eta isun handiak aurreikusten ditu azken urteetan ugaritu dien protesta moldeen kontra.
“Eskratxe” bat egiteagatik edo erakunde publikoen egoitzen aurrean komunikatu gabeko elkarretaratze bat egiteagatik 30.000 eurotik 600.000ra bitarteko isunak jartzeko aukera zabalduko luke lege berriak onartuko balitz, Publico.es webgunean irakur daitekeenez.
Gainera, delitu larritzat jotzen du lanean ari diren polizia agenteen irudiak argitaratzea.
Espainiako Barne Ministerioaren ekimenez ari dira lege berria prestatzen eta tramitazio luzea izango duela aurreikusten den arren, Espainiako estatuko herri mugimenduen artean kezka sortu du. Mezu asko zabaltzen ari dira Twitterren #LeyAnti15M etiketarekin.
“Euskal” inspirazioa
Publicon irakur daitekeenez, legeak badu zerikusirik Euskal Herrian azken hamarkadetan aplikatu izan diren salbuespenezko neurriekin. Besteak beste, adin txikikoen gurasoek beren diruarekin ordaindu beharko diete euren seme-alabek istiluetan sortu dituzten kalte materialei (“kale borroka”-ri aurre egiteko horrelako neurriak martxan jarri ziren).
Gainera, aurreproiektuak Espainiako indar polizialei aukera emango lieke “segurtasun guneak” ezartzeko eta hartara manifestariak urruntzeko “eskratxeatu” nahi duten pertsonaren lantokitik edo etxetik. Ertzaintzak hartutako neurrietan inspiratu da Espainiako Barne Ministerioa horretarako.