Mexikoko autoritateek adierazi dute 60.000 lagun baino gehiago desagertu direla 2006an AEBek bultzatako "drogaren aurkako guda" hasi zenetik. Daturik eman gabe urteak egin ostean, gobernuaren ordezkari Alejandro Encinasek aurkeztu ditu kopuruak, nahiz eta aitortu, hainbat estatuk ez dutela informaziorik entregatu oraindik.
1970-80ko hamarkadetan AEBek babestuta Hego eta Ertamerikako guda zikinetan eta diktaduretan desagertutako pertsonen kopurua gainditu du Mexiko egun bizitzen ari den tragediak. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek diote desagerketa hauen arduradunak direla bai droga kartelak, baita Mexikoko segurtasun indarrak ere.
60.053 desagertu, hori da Mexikoko Gobernuak emandako datua. Hala ere, prentsaurrean aitortu dutenez, hamar estatu "informazioa entregatzeko prozesuan" daude, beste zortzi "informazioa eguneratzen eta informazio historikoa gainbegiratzen ari dira" eta beste hamahiruk "informazio historikoa gainbegiratzen" diraute.
Orain, beraz, garrantzia berezia dute informazio eguneratua eman ez duten estatuetako desagertuen kopuruek, publiko egin duten kopurua nabarmen handituko baitute, kontutan hartuz adibidez, azken urteetan hilketak asko ugaritu diren Guanajuato eta Morelos estatuek ez dutela informazioa eman.
Lopez Obradorren administrazioak datuak genero eta adin tarteka sailkatuta eman ditu. Adibidez, desagertuen hiru laurden gizonezkoak dira, eta gehienak 15 eta 39 urte bitartekoak. Desagertutako emakumeen artean, herena 10 eta 19 urte artekoa da.
Kezka eragin duen beste datu bat ondorengoa da: azken lau urteetan desagertatu da pertsona gehien, 22.000 baino gehiago.