Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia kontrolatzeko neurrietan akatsak egoteagatik.
Indarkeriaren Aurkako Batzordeak 60.000 euroko isuna eta 24 hilabetez kirol-esparruetan sartzeko debekua ezartzea proposatu dio Indar Gorriren sare sozialetako profilen ustezko arduradunari. Sare sozialetan ustezko gorroto mezuak, mezu xenofoboak eta indarkeria bultzatzen duten mezuak zabaltzea egotzi dio Batzordeak.
Indarkeriaren aurkako taldeak bilera egin zuen atzo eta bertan ondorioztatu zuten Osasunako jarraitzaileek zigor ugari jaso dituztela kiroleko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako 19/2007 Legea urratzeagatik. Hartara, 20.000 euroko isuna ere proposatu du batzordeak Osasunarentzat Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia kontrolatzeko neurrietan akatsak egoteagatik.
Partida horretan bertan ere, zale batentzako zigorra proposatu du batzordeak. “Klubeko segurtasun-langileek geldiarazi eta berdegunera jauzi egiteagatik” 3.000 euroko zigorra eta sei hilabeterako kirol-esparruetara sartzeko debekua ezarri dio batzordeak.