Urriaren 24an 6.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Arbonan, "lur elikatzailea defendatzeko". Izan ere, urtero elikagaietarako 650 hektarea lur desagertzen direla nabarmendu dute antolatzaileek. 120 egunez lurrak ez saltzeko egindako borrokari Lurrama festara etorritako herritarren babesarekin eman diote amaiera.
Lurramako antolakuntza taldeak plazaratu duen balorazioan azaldu duenez, "goizeko 10etatik goiti jende anitz hurbildu da Berroeta bidera. Leku horretan 120 egunez laborantza munduak lurraren inguruan dituen kezkak adiezi dira, elikatzeko baliatu behar genukeen lurra etengabean laborantzatik eskapatzen dira".
Iñaki Berhocoirigoin lehendakariak oroitarazi duenez, urtero elikagaietarako 650 hektarea lur desagertzen dira (SAFERen xifreen arabera) jendea elikatzeko sekulan baliatzen ahalko direnak. Horietan 250 hektarea artifizializatuak dira, besteak edo sasitzen edo aisialdirako baliatuak.
Lurramak eta EHLGko arduradunek, lurraren problematikan "aterabide iraunkor bat plantan ezartzeko presa" oroitarazi diete hautetsieri. "Lurra behin saldua, betiko galdua" erran zaharrak oihartzun handia izan zuen egunean zehar.
Egitarau oparoa gozatu dute bertaratutako familiek: baratzea, kabala eta jokoak izan dira goizean eta arratsalde guzian kontzertuak, festibal giroan. Antolakuntzak partaide guztiak eskertu ditu komunikabideetara igorritako oharrean, "izan pribatuak publikoak bezala, eta partikulazki, hain fite mobilizatu diren 500 laguntzaileak".
Posted by Lurzaindia on Sunday, October 24, 2021