Osakidetzak 6.000 euroko isuna jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuen arduradun izanik covid-19ari aurre egiteko "osasun-araudia ez betetzeagatik". Arrazoi horregatik jarri daitekeen isunik handiena agindu du Osakidetzak. Zehazki, COVID ziurtagiria ez eskatzeagatik eta espazio itxietan maskararen erabilera derrigorrezkoa dela ez gogorarazteagatik.
Urtea bukatu aurretik bi zuzeneko eman zituen La Polla Records taldeak Gasteizko Buena Arenan, abenduaren 17an eta 18an. Zuzeneko haien harira, antolatzaile lanetan aritutako Last Tour enpresari 6.000 euroko isuna jarri diola jakinarazi du ostiralean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Arrazoia: Covid-19ari aurre egiteko osasun-araudia urratu izana.
Ikuslegoari COVID ziurtagiria eskatu ez izana eta espazio itxietan maskararen erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazi ez izana, bi neurri horiek urratzeagatik erabaki du Osakidetzak ekimenaren antolatzaileei zigorra ezartzea. Horrelako arau-hausteentzat aurreikusitako isunik handiena agindu du: 3.000 euro, zuzeneko bakoitzagatik; orotara, 6.000 euro.
Zuzeneko haietako batean, pandemiaren aurrean inkonformismoa agertu zuen La Polla Records taldeko abeslari Evaristo Paramosek, OMEren ikurra gurutzatuta ageriko egiten zuen kartel batekin igoaz agertokira. Irudi haiek zabalpena izan zuten hainbat hedabidetan eta sarean, zeresana sortuz.