Kamiseta morea jantzita, emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte igandean Donostiako kaleetan, eta noiz baino korrikalari gehiago batu dira.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, Lilatoiaren 33. edizioa egin dute igandean. Kamiseta morea jantzita, 6.000 emakumek baino gehiagok bete dituzte Donostiako kaleak, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko. Inoiz baino korrikalari gehiago batu dira; lehengo urtean, esaterako, 5.000 lagunek hartu zuten parte.
Emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena egiteaz gain, lasterketa ere bada. Aurtengo edizioan, Nerea Egia Larrinaga donostiarra izan da azkarrena. Lasterketaren bost kilometroak 17 minutu eta 45 segundotan egin ditu, hain zuzen ere.
Bulebarrean hasi eta bukatu da lasterketa, Donostiako Zentrotik eta Gros auzotik igaroz. Aurretik, zumba eginez egin dute beroketa parte hartzaileek.