argia.eus
INPRIMATU
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin lotutako jardueraren batean, 10.000 emakumetatik 56. Hegoamerikarrak dira gehienak, eta 18-36 adin tartekoak.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 24a

Espainiako Berdintasun ministro Ana Redondok aurkeztu ditu Emakumeen salerosketari, sexu-esplotazioari eta prostituzioari buruzko makroikerketa: hurbilketa kuantitatiboa ikerketako ondorio nagusiak. Besteak beste, Interneten publikatutako 654.000 prostituzio iragarki aztertu dituzte, eta "datuen eta arazoaren dimentsioaren" inguruko lanketa egin, ikerketak "eztabaida soziala eta politikoa zabalduko" duen esperoan, Redondok adierazi duenez. Urrian plazaratuko dute txosten osoa.

Aurreratutako datuen arabera, Espainiako Estatuan gutxienez 114.576 emakume ari dira prostituzioan. Erdia baino gehiago (%51) hegoamerikarrak dira, %16 europarrak eta %29ren jatorria ezezaguna da. Kolonbiarrak (%28,3) eta espainiarrak (%13,5) dira gehienak. Adinari dagokionez, bestalde, %28ak 18 eta 24 urte artean dituzte, %32ak 25 eta 36 artean, %7ak 37 eta 45 artean, %1,6ak 46 eta 55 artean, eta %0,26ak 56 urte baino gehiago.

"Datuen atzean egoera oso zaurgarrian dauden emakumeak daude, giza eta oinarrizko eskubideak urratu zaizkienak; lanean jarraitzera beharturik gaude, indarkeria egoerak errotik desagerrarazteko", azaldu du Redondok. Bere hitzetan, ikerketa lagungarria izango da "esklabotza mota honen" kontrako politika publikoak diseinatzeko. "Aipatzen ez dena ez da existitzen. Beharrezkoa da, hortaz, sexu-esplotazioa jasan edo prostituzioan ari diren emakume eta neskatilen inguruko datuak azaleratzea, arazoaren tamainaz jabetu eta arazoari politika publiko egokien bidez aurre egiteko".