argia.eus
INPRIMATU
600 preso gose greban Bahreinen torturak salatzeko
Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 04a
Bahreinen 3.000 aktibista baino gehiago atxiloturik daude.

BCHRk salatu du hainbat eratako tratu txarrak jasaten dituztela presoek kartzela horretan: “Jipoiak, irainak, osasun-zerbitzuen erabilpena ukatzea, luzaroan euren geletan giltzapeturik egotea, talde erlijiosoen sekten kontrako irainak, torturak, bakarkako konfinamendua eta zutik hainbat orduz egotera behartzen dituzte”.

Ez da halakorik gertatzen den lehenengo aldia. 2010. urtetik hamarnaka gose greba izan dira Dry Dock eta Juweko kartzeletan, azaldu du BCHR-k. Egun, 3.000 aktibista baino gehiago atxiloturik daude Bahreinen.

Polizia, gogor manifestatzaileen kontra

Astelehen gauean manifestazioak izan ziren Sitra irlan Ali Yawad al-Sheij-ren hilketaren urteurrena gogoratzeko. 14 urteko gaztea 2011. urtean hil zen poliziaren gas-negar-eragileko bonba bat buruan jo eta gero.

Agintariek protesta debekatu zuten eta poliziak gas negar-eragilea erabili zuen manifestatzaileak sakabanatzeko. Aurreko egunean antzeko manifestazioa izan zen, gobernuaren kontrako manifestazioetara joateagatik atxilotutako preso politikoak askatzeko eskatuz.

Hamar urteko kartzela-zigorra manifestazio batean parte-hartzeagatik

Ahmad Humaidan fotokazetariak hamar urteko kartzela-zigorra bete beharko du 2012an poliziaren kontrako manifestazio batean parte-hartzeagatik. Kazetariak lan egiten ari zela dio, baina poliziak “istiluak” probokatu zituztenen artean identifikatu zuen.