Maiatza eta iraila bitartean musika, antzerki, dantza edo zinema emanaldiak antolatuko dituzte. Kultur eragileek kudeatuko dute erakunde publikoek egokituko duten espazioa.
Maiatzean hasi eta irailera bitartean, Gasteizko Iradier Arenak (garai bateko zezen plaza) askotariko emanaldi kulturalak hartuko ditu. Aurretik espazioa egokituko dute, 600 pertsonentzako kabida izan dadin indarrean dauden segurtasun arauak errespetatuz. 31 kultur eragile batzen dituen Kultura Bizia ekimena da astelehenean aurkeztu den egitasmoaren sustatzailea. Kultura Biziak kudeatuko ditu jarduerak, eta Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udaletxea arduratuko dira espazioa egokitzeaz, 220.000 euroko aurrekontuarekin.
Hasteko, musika
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute asmoa askotariko jarduera kulturalak antolatzea dela: dantza, antzerkia, musika, zinema... Momentuz musika kontzertuak dira ezagutzera eman direnak. Hiruk data zehatza dute: La Excavadora eta Crim (Maiatzak 15): Talco eta The Potes (maiatzak 22); Gatibu (maiatzak 29). Datarik zehaztu ez badute ere, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lagrimas de Sangre taldeen kontzertuak ere iragarri dituzte. Azaldu dutenez, Kultura Biziak ekimeneko edozein kidek antolatu ahal izango ditu jarduerak, alokairu bat ordainduz eta sarreratik eta tabernatik ateratzen den diruaren zati bat jasoz. Kide ez direnek ere izango dute aukera espazioa erabilita, baina alokairu altuago ordainduta. Ikuskizunetarako sarrerak eskuratzeko www.kulturabizia.eus webgunea jarri dute martxan.