argia.eus
INPRIMATU
600 lagunek parte hartuko dute Lokarrik eta Bake bideak antolaturiko foro sozialean
  • Euskal Herriko bake prozesuari indarra emateko Lokarrik eta Bake Bideak antolaturiko foro sozialean parte hartzeko 600 lagunek eman dute izena. Gaur eta bihar izango dira foroaren jardunaldiak, Iruñean eta Bilbon.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 14a
Guar eta bihar ospatuko dira bake foro sozialaren jardunaldiak (argazkia: naiz.info)

Parte-hartzaileen artean, hainbat herrialdetako bake-prozesuetan parte hartu duten hamabi aditu aurkitzen dira. Besteak beste, Aaro Sunio Ipar Irlandako Desarmearen Batzordeko kabineteburua, Robert McBried Afrikako Kongresu Nazionaleko adar armatuko komandanteordea edota Brandon Hamber INCOREko zuzendaria izango dira bertan. Beste zenbait adituk Kolonbian, Burundin, Aljerian, Bosnian edota Sri Lankan ere parte hartu dute bake prozesuetan.

Foroak Euskal Herriko hainbat eragileren babesa jasoko du, Garak argitaratu duenez. EPPKren bitartekariek parte hartuko dutela iragarri dute, Espainiako eta Frantziako gobernuek zenbait kideri aukera hori ukatu arren. Herrira mugimenduko zenbait kide ere bertan izango dira, eta Sortuk zenbait ordezkari bidaliko ditu gaur eta biharko jardunaldietan.

“Herritarren erantzunaren arrakasta hau, foroan jorratuko diren gaiekiko (desarmea, preso eta iheslarien itzultzea, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre nola egin) gizartean inplikazioa egoten jarraitzen duelako isla da, bakerako aukera historiko hau aprobetxatzeko erronkan” esan dute antolatzaileek, Berriak jaso duenez. “Jendartea eragile erabakigarria da prozesuak aurrera egin dezan”.