Mozal Legea aplikatu zaie Santiago de Compostelako polizia bat agertzen den bideoan “atsegin dut” sakatu edo iruzkinak jarri dituztenei. “Edukiak sustatzea eta polizia irrigarri uztea” egozten zaie.
Bideoan polizia bat agertzen da, ustezko delitugile bat atxilotu nahian, arrakastarik gabe. 17.000 aldiz erreproduzitu dute, 300 aldiz partekatu eta “poliziaz barre egiteko iruzkinak” idatzi dituzte. Protagonistak salaketa ipini zuen iazko azaroan, bideoa grabatu duen pertsonaren aurka. Baita edukia sareetan zabalduz biral egin dutenen aurka ere. Orain, 600 euroko isuna jasoko dutela jakinarazi zaie, 37.4 artikulua urratzeagatik. Bideoaren egilearentzat, ordea, isuna 30.000 eurokoa izango da, nor den jakinez gero.
Salaketaren arabera, bideoaren hedapenak poliziaren segurtasun pertsonala zein familiarena arriskuan jartzen du. “Atsegin dut” sakatu dutenei “edukien sustatzaile” izatea egozten zaie eta iruzkinen egileei “poliziaren ahalmena zalantzan jartzea eta irrigarri uztea”.
Egunean 30 bat pertsona zigortzen dituzte Espainiako Estatuan Herritarren Segurtasunerako Legearen bitartez polizia-agenteen aurkako “errespetu faltak” egiteagatik, eldiario.es-ek jakinarazi duenez.
Lege hau 2015eko matxoan onartu zen oposizio osoa kontra egon arren. Harrezkero polemikak ugariak izan dira. Jorge Fernández Díaz orduko Barne Ministroak ziurtatu zuen “denbora pasa ahala, zalantzak edo kritikak deuseztatu” egingo zirela, baina kalean zein sare sozialetan Mozal Legearen aurkako aldarrikapenak ugariak izan dira, eta azaroan Espainiako Diputatuen Kongresuak berak legea indargabetzeko mozio bat onartu zuen.