argia.eus
INPRIMATU
60 urtetik gorakoei eta pertsona zaurgarriei koronabirusaren aurkako laugarren dosia aholkatu die EMAk
  • COVID-19 kasuek gora egin dute Europan eta 60 eta 79 urte artekoei eta gaitza larri pasatzeko arrisku handiagoa dutenei txertoaren laugarren dosia “berehala” jartzea gomendatu dute Sendagaien Europako Agentziak (EMA) eta Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC).

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 12a
Argazkia: STNHN

Laugarren dosi hau azken dositik gutxienez lau hilabetera edo dosi gehigarritik sei hilabetera jartzea aholkatu dute erakunde biek, eta Europako Batasuneko agintariei esan diete udazken eta negurako errefortzu dosiak planifikatzen has daitezela, gripearen txertoekin batera emateko.

Uneotan, Omikronen aldaeretara egokitutako bi txerto ari dira aztertzen.

Kasuak eta intzidentzia metatua, gorantz

Europako datuen ildo berean, EAEkoek ere okerrera egin dute, Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko txostenen arabera. Lehengo asteko txostenean COVID-19 kasuek gora egin bazuten, astelehen honetako txostenean goranzko joera mantentzen da. Azken astean, Osakidetzak 9.531 kasu positibo baieztatu ditu, 707 lagun ospitaleetan daude gaitzarekin, horietatik 23 ZIUetan, eta 26 koronabirusaz hil dira.

60 urtetik gorakoen artean ere okerrera egin du egoerak eta adin horretatik aurrera 14 eguneko intzidentzia metatuaren tasa 1.654,26 kasukoa da.