1965ean sortu zen Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea, frankismo garai betean. Ordutik ez ditu ateak itxi, eta 2025ean 60 urte bete ditu. “60 urte lotu barik” lelopean eman diote hasiera urteurrenari gaztetxeko kideek.
Astelehen honetan egin duten agerraldian 2025erako prestatzen ari diren egitarauaren berri ere eman dute. Hori Blaituz asteburua, Hori Bai eguna, Larrabetzuko Gazte Eguna eta beste hainbat ekintza iragarri dituzte.
Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23. zenbakia duen eraikina, 60 urtez “taupaka” iraun duen gaztetxea dela azaldu dute asanbladako kideek. Belaunaldiz belaunaldi formaz aldatzen joan bada ere, “beste mundu bat posible dela sinesteko leku bat” izan dela azaldu dute, beste logika batzuen baitan gauzak egiteko aukera dagoela erakusten duen gaztetxea dela.
Asanbladako kideek elizaren eta EAJren eraiste eta etxegabetze mehatxuak ekarri dituzte gogora, eta azpimarratu dute Hori Baik herriaren elkartasun eta antolakuntzari esker jarraitzen duela bizirik.
Hori Bai belaunaldi ezberdinetako gazteak elkartzeko leku bat dela azaldu dute, eta zapalkuntza ororen kontra “askatzailea” izan nahi duen espazioa. Azken aldian gaztetxeak jasaten ari diren jazarpen eta erasoen aurrean, logika kapitalistatik kanpo antolatzen diren espazioen beharra aldarrikatu dute. Horrez gain, urteurrenaren baitan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta asanbladara batzera gonbidatu dituzte herritarrak.