argia.eus
INPRIMATU
60 COVID-19 kasu berri azaldu dira EAEn (horietatik 41 Gipuzkoan) eta 17 Nafarroan
  • Uztailaren 14ak 77 koronabirus kasu berri utzi ditu Hego Euskal Herrian, 17 Nafarroan eta 60 EAEn. Hauen artean nabarmenena da COVID-19 positiboek Gipuzkoan egin duten gorakada: 41 kasu berri egun bakarrean.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 15

Apirilera arte egin behar da atzera Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitzeko egun bakar bat 60 koronabirus kasu berrirekin. Horrela, bi hilabete eta erdiko positibo kopurik handienera iritsi zen atzo, batik bat Gipuzkoako kutsatuen ugaritze handiak eraginda: 41 Gipuzkoan, 10 Bizkaian, 7 Araban eta bi gehiago Osakidetzak zehaztu gabe utzi duen horietakoren batean. Bezperako 27etatik igoera handia, duda barik.

Arabako 7 positibo berriak kokatuta daude 5 Gasteizen eta bana Laudio eta Arratzua-Ubarrundian. Bizkaiko 10etatik daude 4 Bilbon, 2 Bermeon eta bana Arrigorriaga, Berango, Leioa eta Trapagaranen. Gipuzkoako 40en artean 10 positibo Donostian aurkitu dituzte; 8 Tolosan (18 azken lau egunen artean); 3 Eibar eta Getarian; 2 Beasain, Ibarra eta Zizurkilen; eta bana Andoain, Deba, Eskoriatza, Hondarribia, Legorreta, Lezo, Lizartza, Ormaiztegi, Pasaia, Segura eta Villabonan.

Deigarri egiten da Getariako kasuekin sortu den zalaparta mediatikoa alderatzen baldin bada Tolosatik agintariek zabaldu dituzten lasaitasun mezuekin ("Tolosako kasuak kontrolaturik daudela jakinarazi diote udalari") eta hedabideetan eman zion oihartzun txikiagoarekin: Getariak 5 kasu metatu ditu aste betean –ikusi beharko da horko ostatu bateko bezeroen jarraipenak zer ematen duen gaur-biharretan– eta Tolosak aste horretan 20 positibo zenbatu ditu. Atzo Gipuzkoan hautemandako 41 positiboen herena (14 kasu) Tolosaldeko udalerriei zegozkien.

Nafarroako 17 kasu berriei dagokienez, 2 hauteman omen dituzte San Fermin bezperako hamaiketako famatu hartan parte hartu zuten herritarren hariari jarraituz eta beste 4 omen dira igandetik Iruñean kokatzen den fokuari dagozkionak.

Bi lurralde autonomoetako agintarien esanetan, uztailaren 14ak ez du heriotza berririk utzi COVID-19aren arrastoan. Hala ere, kontabilizatzeke dirau –autopsiaren emaitzaren zain– Eskoriatzan astelehenean hilik aurkitutako herritarrak, aurretik positibo emana zuenak.