argia.eus
INPRIMATU
6 urterainoko kartzela zigorra deskargetarako loturak errazten dituztenentzat
  • Espainiako Gobernuak kartzelarekin zigortu nahi ditu babestutako edukiak deskargatzeko loturak biltzen dituzten webguneetako administratzaileak. Hori da PPren Gobernua prestatzen ari den Kode Penalaren erreformak dakarren aldaketa nabarmenena. Kultura, Justizia eta Industria ministeriotako ordezkariak bildu dira gaur oraindik zehazteke dauden xehetasunak doitzeko.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 19a

Oraindik aldaketak jasan ditzazkeen azken zirriborroaren arabera, sei hilabete eta sei urte bitarteko kartzela zigorra ezarriko zaie “zerrenden bitartez, interneten ilizituki eskaintzen diren eduki babestuetarako sarbidea errezten dutenei”. Horrez gain, edukiak kendu araziko dira, eta atariaren funtzio nagusia lotura horien zabalkundea bada, baita webgunea itxi ere. Loturak baliatzen dituzten erabiltzaileak ez dira zigortuko, ez eta irabazi asmorik gabeko atarien administratzaileak ere.

Egungo Kode Penalak beste autore baten lanak haren baimenik gabe zabaldu edo kopiatzen dituena zigortzen du, baina ez dago loturak biltzen dituzten webguneei erreferentzia zuzenik. El País-en arabera, ostiraleko Ministro Kontseiluan onartuko da erreforma proiektua, baina ez da indarrean izango 2014ko udaberrira arte.