Otsailean hasi zen gose greba AEBek Kuban daukaten atxilotze-eremuan, eta presoen bi herenek parte hartu izan dute. Guztira 166 preso daude Guantanamon eta oraindik horietatik 60k gose greban jarraitzen dute.
Camp Delta presondegiko zaindariek presoei hainbat liburu eskutitz eta objektu pertsonal kendu ostean hasi ziren baraualdi eta protestak. Lehen presoak ahultzen hasi zirenean ofizial estatubatuarrek, indarrez elikatzeko agindua eman zuten. Praktika hori NBEko Giza Eskubideen Komisioak tortura bezala hartzen du eta Medikuen Nazioarteko elkarteak debekatu egin zuen. Gose greban guztira 40 atxilotuk jasan dute praktika hori RTn irakur daitekeenez. NBEko tortura arloko ordezkari den Juan Mendezek salatu du, oraindik ez dela egin ikerketa sakonik Guantanamon gertatzen diren giza eskubideen urraketen inguruan. Estatu Batuetako gobernuak hori lortzeko edozein saiakera oztopatzen jarraitzen duela ere esan du.
Presoek jasaten dituzten bortizkerien salaketek hedabideetara iristen jarraitzen dute. Azkena, Shaker Aamer ingelesaren kasua. Zenbait medioren arabera bertako ofizialek etengabe eraso dute baita sexualki ere.
John Kelly Guantanamo ikuskatzeaz arduratzen den jeneralak adierazi du gose greba hauen atzean presoen inpotentzia eta frustrazioa besterik ez dagoela.
Nazioarteko iritzia berriz Obamari begira dago, are gehiago, gose grebaren erantzun bezala presoek jazarpen eta umilazio gehiago pairatu dituztela jakin denean. Kartzela ixtearen aldeko eragile eta mugimenduek protestak ugaritu dituzte AEBetan. Ordea, Obamak boterea hartu zuenetik Kongresuak nabarmen zaildu dio kartzelarekiko edozein erabaki hartzeko aukera.
Baina ez da erreza izango, Errepublikarrek Guantanamon dauden presoak segurtasun nazionalerako arazoa direla argudiatuz presondegiaren mantentzea defendatzen dute.