argia.eus
INPRIMATU
5G teknologiaren kontrako elkarretaratzea deitu dute Donostian
  • Kutsadura elektromagnetikoaren kontrako nazioarteko egunean, ekainaren 24an, elkarretaratzea egingo du hainbat mugimenduk Donostian, 5G teknologiak osasunean eragiten duen eragina aztertzea eskatzeko.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 23a

Zenbaitengan kezka piztu du 5G hari gabeko teknologiaren eta antenen hedapenak azken hilabeteotan. Horren harira, elkarretaratzea deitu dute datorren asteazkenean, hilak 24, Donostiako Alderdi-Ederren Stop 5G plataformako eragileek, hala nola Bizi bide (Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea, Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza eta Elektrohipersentsibilitatea dutenen Gipuzkoako Elkartea), EQSDS (Osasun Eskubidearen aldeko Elektrizitateari eta Kimikari Sentikorrak), A Planeta-k, Informa-tu-k eta beste zenbaitek. Elkarretaratzea Espainiako Estatuko beste hiri batzuetan ere egingo dute.

Deitzaileek azaldu dutenez, agintariek eta telefonia konpainiek konfinamendua baliatu dute 5G teknologia zabaltzeko. Covid-19a ere aipagai dute, nolabait, “ahots batzuek gure sistema immunologikoaren narriadurarekin lotzen duelako” tekgonlogia hori, euren esanetan. Deitzaileek diote “hamarkadak” direla haririk gabeko teknologiak ingurumenean eta osasunean eragiten dituen kalteak “zientifikoki” dokumentatuta daudela. Horren inguruan iritzi oso desberdinak sortu dira, hala ere.

“Gero eta inguru erradioagoan bizi gara –diote euren oharrean– eta etorkizun hurbilean, 5Garekin hazkunde esponentziala dator, batez ere sateliteek espaziotik irradiatuko dituztelako uhinak”. Zentzu horretan, teknologia horren onura ekonomiko soiletik harago begiratzeko eskatu dute eta beste kostuak ere kontuan hartzeko: “Bizitzaren gaineko inpaktuak, oro har, eta, bereziki, pertsonen osasunaren gainekoak”.

Zenbait datu ere eman dute. Euren arabera, Suitzan 4Garekin 700 antena zeuden eta, orain, teknologia berria hedatzean, 26.000 jartzea aurreikusten da: “Apirilaren erdialdean Suitzak 5G debekatu zuen”.

Instituzioei gardentasuna eta 5Garen benetako arriskuak jakin arteko moratoria ezartzea eskatu diete: “Gizarte libre bat informazioarekin baino ezin da izan, eta teknologia berrien inpaktu negatiboa ukatzen ari da; gero, askatasuna eragozten digute, eta, beraz, gu babesteko aukera”.