argia.eus
INPRIMATU
5G antena bat jarri nahi duten eremua okupatu dute Donamartirin
  • Arberua Bizirik taldeak astelehenean okupatu zuen lursaila, eta “behar den bitartean” han jarraituko dutela jakinarazi dute.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 02a
Antena jartzeko lanak asterte arratsaldean hasi nahi ditu telefono konpainiak. / Argazkia: Euskal Irratiak.

Arberoako, Izturitzeko eta Aiherrako (Nafarroa Beherea) 50 herritarrek okupatu dute Donamartiriko lur-eremu bat, hor jarri nahi duten 5G antena jartzea saihesteko. Arberua Bizirik taldeko ekintzaileek toldo bat ezarri dute eta borda bat bilgunetzat hartu. “Gau eta egun” bertan egoteko asmoa azaldu dute, “behar den bitartean”. France Bleu kazetak argitaratu duenez, telefonia enpresak astearte arratsaldean hasi nahi ditu antena ipintzeko lanak. Bailarako herritarrek martxoaren 29an elkarretaratze bat egin zuten eta lanak geldiaraztea lortu. Orain, orduko “arrakasta” errepikatu nahi dute.

Okupatutako lurraren jabea Afezetxe familia da, eta eurak ere 5G antenaren aurka daude. 2016-2017 inguruan antena bat haien lurretan kokatzea onartu zuten eta kontratu bat sinatu, Free telekomunikazio konpainiarekin. Baina sinatu zutenean 4G izango zela esan zieten; orain, 5G dela jakinda, akordioa ezeztatu nahi izan dute, baina konpainiak ez die utzi. Florient Afezetxek argitu du ez daudela telefoniaren aurka, 5Gren kontra baizik: “Denok hitz egin behar dugu telefonoz, baina 4Gak oso ondo funtzionatzen du. 5G fabrika handietarako, gidaririk gabeko autoetarako eta dronen bidezko banaketarako da; ez dut uste halakorik behar dugunik Arberoan”.

Donamartiriko alkateak, Antton Larraburuk, azaldu du Departamenduko Kontseiluak esan diola antena 4G+ izango dela, ahalbidetuko duena 5G teknologia duten mugikorrek funtzionatzea. Halere, Arberua Bizirik taldeko ekintzaileen ustez “Troiako zaldia” izango litzateke hori.

Euskal Irratiak Eñaut Elosegi ekintzailearekin hitz egin du eta okupazioaren xehetasunak azaldu dizkio.