Nafarroako Zerga Ogasunak asteartean argitaratu du bere webgunean Nafarroan Ogasunari 120.000 euro baino gehiago zor dizkioten 580 zordunen zerrenda, pertsona fisiko eta juridikoak biltzen dituena. Guztira 270,7 milioi euro zor dizkiote Nafarroari. “Navarra de Edificaciones SA” enpresa da zerrendan lehenengoa, 5,9 milioi eurorekin.
Bestalde, erkidegoko PPko presidentea den Ana Beltranen familiaren upategiak, Camilo Castillak, 925.000 euro zor ditu. Beltranek esan du ez daukala zerikusirik enpresaren gestio eta administrazioan 2011tik.
“Zordun handien” zerrendan daude baita ere Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia, Egueseko alkate ohi Ignacio Galipienzo, “Pizo” Gomez eta Kristianz Vadocz Osasunako jokalari ohiak, edo Denis Menchov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiak.
Gabriel Urralburuk 426.747ko zorra dauka, iaz baino 65.024 euro gutxiago. Orobat, aurten estreinakoz agertu da zerrendan Egueseko alkate izan zena, Ignacio Galipienzo. 2009an ustelkeria delitu batengatik zigortu zuten, eta 160.095 euro zor dizkio Ogasunari.
55 pertsona fisiko edo juridikok milioi bat euro baino gehiago zor zizkieten Nafarroako Zerga Ogasunari 2017ko abenduaren 31n. Gehien zor duen enpresa Navarra de Edificaciones SA da, 5,9 milioi eurorekin, eta beste hiru enpresak 3 eta 5 milioi euroko zorrak dituzte: Constructora Aldabea SL, Ecay-Andueza SL eta Estructuras Corellanas SL. Zerrendan, orotara, eraikuntzako 26 enpresa ageri dira.