argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko haur eskolak
58 haur geratu dira euskarazko plazarik gabe
  • Iruñeko Udalak 164 plaza eskaini ditu euskaraz haur eskoletan, eta 58 haur geratu dira tokirik gabe, %26 baino gehiago. Arrotxapea auzoan 31 haur geratu dira plazarik gabe eta Txantrean 27.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 20a
Aurten Txantreako Egunsenti haur eskola gaztelaniazkoa da. Arrotxapean ireki dute euskarazkoa. Argazkia: Eider Madina.

Iruñeko gurasoen aspaldiko eskaria da: euskarazko plazen eskaintza handitu eta plaza horiek hainbat auzotan banatu. Bigarren eskaerari erantzun xumea eman dio Udalak. Orain arte Txantrea auzoan zeuden euskarazko plazak eskaintzen zituzten bi haur eskolak, eta aurten bata Txantrean dago eta bestea Arrotxapean. Lehenengo eskaerari ordea, entzungor egin dio. Iaz 164 ziren euskarazko plazak eta aurten ere bai. Euskarazko plazak eskaini diren bi haur eskoletan 222 euskarazko plaza eskatu dituzte gurasoek. %26 plazarik gabe geratu da.

Kontseiluaren baitan biltzen den Iruñeko Euskalgintzak Euskalerria.eus-en adierazi duenez, gainerako auzoetan ere euskarazko plazak eskaini behar lituzke Udalak, eta horrela, iruindarren euskaltzaletasuna nabarmenago agertuko litzateke. Izan ere, Txantrea eta Arrotxapea ez beste auzoetan gurasoek ez dute euskarazko plazarik eskatu seme-alabentzako bai baitakite ez dela halakorik eskaini.  Egiazko euskarazko eskaria neurtu nahian, iaz galdeketa egin zuten gurasoen artean eta 466 haur euskarazko haur eskoletan matrikulatzeko nahia agertu zuten.