argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak Stop
“Eusko Jaurlaritzak egin ditu aurten etxe kaleratze gehienak EAEn: Alokabide bidez 57”
  • 2016ko lehen hiruhilekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Alokabidek 57 etxe kaleratze egin dituela salatu dute Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop Gipuzkoa elkarteek hainbat eragileren babesarekin. Etxegabetzeen, pobreziaren eta desberdintasun sozialen aurkako dekalogoarekin bat egiteko eskatu diete alderdiei.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko irailaren 08a
Lanean jarraituko dutela agindu dute Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop Gipuzkoak.

“Milaka familientzat etxegabetze, pobrezia eta baztertze arazoek hor diraute, eta okerrera doaz. Horien errudun nagusietako bat Lakuako gobernua da”, adierazi dute ostegunean Donostian egindako prentsaurrekoan. "Ez du balio esateak Andaluzian baino hobeto gaudela, Andaluzia India baino hobeto dagoelako, eta India Bangladesh baino hobeto, eta abar". Salatu dutenez, adierazle europarren arabera, EAEn milioi erdi pertsona dago pobreziaren atalasean.

“Lakuak elikaduran, etxebizitzan, energian, osasungintza, hezkuntzan eta menpekotasuna dutenen laguntzetan murrizketak mantentzen dituen aurrekontuak" onartu dituela uste dute. Gasteizko gobernuak, PPrekin batera, legebiltzarrean onarturiko etxebizitza legea ezeztatu duela, eta Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarriak edo Larrialdi Sozialetarako Laguntzak okertzeko erabili duela salatu dute.

Horren aurrean hainbat eskaera errepikatu dituzte: Alokairu sozial bat finkatzea, salmenta egoeran dauden BOE etxebizitzak alokairuan jartzeko, etxe hutsak alokairuan jartzeko programak eta etxebizitza eskubidea laguntza ekonomikoengatik ordezkatzeko saiakerak alde batera uzteko eskatu dute, besteak beste. Etxebizitza bankuen eskutik galdu dutenen kasurako, etxebizitza zorraren ordainean emateko aukera retroaktiboa ezartzeko eskatu dute, baita "benetan eraginkorra izango den" Bigarren Aukeraren lege berri bat ere. Gasa, elektrizitatea edo ura bezalako oinarrizko hornigaiak baliabide urriko familiei kentzea debekatzeko, Kutxabank ez pribatizatzeko, etxegabetzeen aurka onarturiko mozioak betetzeko, eta kontsumitzaileak babestu eta IRPH gisa abusuzko klausulak desagertzeko eskatu dute.

Eskerrak eman dizkiete kalean, instituzioetan eta Gasteizko legebiltzarrean hura babesteko konpromisoa hartu duten eragileei: Lanbideko Kaltetuak, Prekarietatearen Kontrako Korrika, Duintasuna eta Gepe erretiratuen elkarteak, ELA, LAB, CNT eta ESK sindikatuak, eta EH Bildu, PSE-EE, Podemos, Ezker Anitza eta Equo alderdi eta koalizio politikoei.