Ohiko formatua berreskuratuko du azokak aurten, baina online erosteko aukera mantenduko dute. Garai zailen ostean, aurtengoa "ospatzeko garaia" dela iragarri dute antolatzaileek. Ruben Ramosek "eztanda" irudikatu du kartelean.
Durangoko Azokak normaltasuna berreskuratuko du, pandemiako ez ohiko garaien ostean. Abenduaren 7tik 11ra bitartean kulturaz beteko da Landakogunea, eta aurrez aurreko salmentaz gain, online erosteko aukera ere zabalduko du. “EztanDA” izango da 57. edizio honetako leloa: “Durango osotik eta Euskal Herri osora hedatuko den eztanda”, hitz eman du Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko presidenteak.
Ideia horretatik tira du Ruben Ramos kartelaren diseinatzaileak ere, eta azokari “big bang” itxura eman dio, inguruan burrunba zabalarekin. Edizio koloretsua izango dela antzeman daiteke.
Izan ere, ezin uka aurreko bi urteak nahiko ilunak izan zirenik. Nerea Mujikak aitortu du ez zela erraza izan: “Azoka egin ala ez egin aurkitu ginen, eta sortzaile, eragile, kulturzale eta babesle askoren babesari esker lortu genuen azokak bizirautea”. Horregatik, ospatzeko garaia dela iragarri du, eta, horretarako, azokaren “unibertso osoa” bueltan da.
Aurten aurreikuspen onak dituzte antolatzaileek. Lehenengo egunean milaka ikasle espero dituzte, Ikasle Eguna aprobetxatuz. Hirugarren urtez "PortaDA!" erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat, eta, lehenengoz, hezitzaileentzako tailerrak ere antolatuko dira.
Ondorengo bost egunetan, hainbat gunetara egongo dira ateak zabalik: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Berriak jaso duenez, Ahotsenea guneko kontzertuak Plateruenean egingo dira. Orain itxita dago, baina Ima Garrastatxu Durangoko alkateak ziurtatu du azokak iraun bitartean behintzat zabalik izango dela. Online erosteko aukera mantenduko da, eta zuzenekoak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira.
Behin Azoka amaituta, jarraipena emango diote Euskal Herriko zenbait liburudendetan, “Zu non, han DA!” egitasmoari esker. Azokan salmentan jarri diren nobedadeak erosteko aukera emango dute. Hirugarren urtea du proiektuak, eta, aurten, lehenengoz, liburu aurkezpenak ere antolatuko dituzte programarekin bat egiten duten denda horietako batzuetan.