argia.eus
INPRIMATU
5.657 tortura kasu egiaztatu ditu jada Euskal Memoria Fundazioak
  • Euskal Memoria Fundazioak iragarri du beste 635 tortura kasu egiaztatu dituela, eta ondorioz, jada 5.657 dira egiaztatutako kasuak. 2016ko abenduaren 31n amaitutako txostenekoak dira datuok, baina torturaren kontrako egunaren inguruan argitaratu ditu, otsailaren 13an. Fundazioak adierazi du zifrek torturaren “erabilpen sistematikoa” berresten dutela.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 13a

Euskal Memoria Fundazioak 7.582 kasu ikertu ditu orain arte, eta horietan 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu. Hau da, torturarik gabeko atxiloketak 1.925 dira, ikertutakoaren %25. Zerrendan agertzen diren kasuetatik 4.755 gizonezkoei dagokie eta 902, berriz, emakumezkoei. Tortura horietatik 2.677 (%47) Espainiako Poliziak egin ditu, 2.348 (%41) Guardia Zibilak, eta 407 (%7) Ertzaintzak.

Fundazioak dio “isiltasunaren eta iluntasunaren garaia amaitu” dela. “Arduradunak zigorgabetasunaren ezkutalekutik atera, gizartearen arbuioa jaso eta justiziaren esku geratzeko” berme onena ikerketa eta ezagutaraztea direla dio; hala, aitortza, erreparazioa eta errepikapen eza eman daitezen.

Orain arte ez dira modu sistematizatu batean bildu azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako tortura kasuak, eta lan horretan jarraitzeko asmoa adierazi du Fundazioak. Beraz, ez da bukatutzat eman daitekeen lan bat, eta zifra horiek behin-behinekoak dira.

Torturaren kontrako egunaren bezperan, tortura salatzeko kontzentrazioak egin ditu Sortuk Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean. Donostian egindako protestan Ertzaintzaren ardura salatu dute. Sortuko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek adierazi du “estatuek erabili duten praktika sistematikoa” izan dela tortura, eta instituzio publikoei biktimen erreparazioa eta aitortza eskatu die.