argia.eus
INPRIMATU
55.000 lagunek babesa eskaini diete berriz Altsasuko gazteei
  • Euskal Herritik eta Espainiako Estatutik etorritako dozenaka milaka pertsonak Altsasu kolapsatu zuten igandean, Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsitako gazteen epaiari arbuioa erakutsi eta Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko. Altsasuk inoiz bizi izandako manifestaziorik handienean, gazteen askatasuna ere eskatu zen.

Euskalerria irratia @fm983irratia Ahotsa.info @ahotsainfo 2019ko martxoaren 25

Larunbatean zehar ikusten zen hurrengo eguneko mobilizazioa oso jendetsua izango zela eta iragarpena bete zen. Iragan udaberrian Iruñean egindako mobilizazio erraldoian 50.000 pertsona izan baziren, oraingoan Guaixek dioenez 55.000 bat izan ziren eta Altsasuko Gurasoen hitzetan 60.000. Euskal Herritik kanpo etorritakoen artean nabarmendu ziren katalanak, baina Espainiako Estatu osoko jendea zegoen. Ondorengo lerroetan Altsasuko Gurasoek manifestazioaren amaieran luzatutako mezua, Euskalerria irratiak jaso duen gisan:

“Duela egun batzuk, Auzitegi Nazionalak erakutsi zigun Franco garaiko “Tribunal de Orden Público”-aren oinordekoa dela”, esan dute. Altsasuko gazteen aurkako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Nazionalak eta horrela “erakutsi du egia arbuiatzen duela, justizia arbuiatzen duela, eskubide zibilak eta berme prozesalak arbuiatzen dituela”, salatu dute.

Auzitegi Nazionalak “Salbuespen Auzitegiaren” papera egin eta Nafarroako auzitegiari zegokion kasua bereganatu duela ere gogoratu dute. “Irregulartasunez beteriko epaiketa batean, Goardia Zibila non-nahi agertzen da: epaimahaiarekin harremana, akusazio partikular gisa aurkeztua, perito gisa aritua, testigantzak jaso aurretik txosten egile bezala…” Era berean, ez herriak jasan duen okupazio militarra salatu dute.

Epaiketaren kutsu politikoa ez dute ahaztu nahi izan. “Argi dago epaia interes politikoen ondorioa dela. Komunikabide batzuek lagundurik, fikziozko errealitatea asmatu zuten, zeinak, sorturiko sufrimenduaz gain, giza ondorio larriak eragiten ari dituen: epai eredugarriak, 6 urtetako kartzelaldi prebentiboak, diskriminazio ideologikoen ondoriozko kalteak…”.

Altsasukoak Aske plataformaren hitzetan “gero eta argiagoa da” epaiketan horren atzean “zer dagoen”. “Krudelak dira, min eragiten digute eta sufrimenduan sakondu egiten dute, baina irabazten ari gara eta gaur, hemen, ikusten eta entzuten ari gara ozen eta argi berriz ere. Oraingoan duintasuna, egia eta askatasuna gailentzen ari dira”, azpimarratu dute.

Altsasutik 50 kilometrora preso aurkitzen diren gazteei “besarkada eta txalo-zaparrada” bidali diete. “Maite zaituztegu!” ohiukatu dute.

Dena den, Altsasukoak konsziente dira ez dela soilik gazte hauen askatasuna jokoan dagoena. “Badakigu muntaia honek interes hedakorrak ezkutatzen dituela eta beste muntaia batzuk elikatu nahi dituela. Badakigu ere, lanean eta mobilizazioan bi urte baino gehiago eman eta gero, zailagoa dutela. Nolakoak diren ikustarazten ari gara. Beraien joko zikina desegiten ari gara”, ziurtatu dute.

“Hala ere, ezin gara lasaitu. Ezinbestekoa da justizia aldarrikatzen jarraitzea, ezinbestekoa da erne egotea, ezinbestekoa elkartasuna, ezinbestekoa mugitzen jarraitzea”, esan dute.

Mobilizazioaren ondorengo bideoak Ahotsa.info-k egin ditu:

Guaixeko ondorengo argazkietan manifestazioaren amaiera ikus liteke: