argia.eus
INPRIMATU
Zordun handiak
53 subjekturen artean 292 milioi euro zor dizkiote Gipuzkoari
  • Gipuzkoako foru Ogasunak milioi bat eurotik gora zor duten zergadunen zerrenda argitaratu du. Aurreko urtearekin alderatuta, 55 milioi euro gehiago da 2019an Ogasunak kobratu gabe duen zorra. 2019an itxi zen Lagilur SL enpresa da (Yeregui zena, Kutxak abiatutako etxegintza operazioa), alde handiz, zorrik handiena duena, 80 milioi eurotik gorakoa. Osinalde Etxaniz anaiak dira hurrengo handienak zerrendan, bakoitza 31 milioi euroko zorrarekin.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 01

Gipuzkoako Ogasunak milioi bat eurotik gora zor dutenen zerrenda argitaratu du (hemen ikus daiteke osorik). 2019an 53 pertsona fisiko eta juridiko dira kopuru horretatik gora zor dutenak, eta denen artean 292 milioi euroko zorra osatzen dute. Aurreko urtean baino 13 subjektu gutxiago dira, baina zorra, aldiz, 55 milioi euro handiagoa da.

Lagilur SL nor da?

2015ean izena aldatu zuen, ordura arte Yeregui Desarrollo SL baitzuen izena. Yeregui Desarrollo SL-k 2008an Proinsa Desarrollo Siglo XXI SL egin zuen administrari bakar, baina ordura arte bertako lehendakaria Javier Artetxe Tarascon zen, idazkaria Jose Antonio Agirre Retegi eta kontseilaria Luis Maria Maya Galarraga (hemen kontsultatu daitezke enpresa hauen ibilbideak). Berria hedabideak azaldu duenez, Kutxak 2004an eraikuntza sektoreko enpresaburu batzuekin abiatutako eta huts egindako etxegintza operazio batekin zerikusia du zor horrek.

Zordun nagusiak

Hauek dira zor kopuruaren arabera, zerrendako lehenak:

Lagilur SL. 80 milioi eurotik gora.

Jose Ramon Osinalde Etxaniz. 31 milioi eurotik gora.

Juan Migel Osinalde Etxaniz. 31 milioi eurotik gora.

LH Commodities & Investments SL. 21 milioi eurotik gora.

Fagor Etxetresnak Koop. 8 milioi eurotik gora.

El Rincón del Ebanista. 6 milioi eurotik gora.

Tecfrindus SA. 6 milioi eurotik gora.

Gedi SL eraikuntzak eta kontratak. 5 milioi eurotik gora.

Aretxabaleta laminatuak SA. 5 milioi eurotik gora.

Lumen Pacis SL. 5 milioi eurotik gora.

Araxes papelera. 5 milioi eurotik gora.

Ramon Vizcaino refrigerazioa. 5 milioi eurotik gora.

Elizaldeko Finkak. 4 milioi eurotik gora.

Lagun Artea industriak. 4 milioi eurotik gora.

Bilore SA (Likidazioan). 3,7 milioi.

Henco eraikuntzak eta kontratak. 3 milioi eurotik gora.

Amarozko papelera. 3 milioi eurotik gora.