Astilleros Murueta ontziolan 64 urteko behargina hil da asteartean, metalezko xafla handi bat gainera erori zaionean. LABek egiten duen kontaketaren arabera jadanik 53 dira Euskal Herrian lanean ari zirela aurten hildako pertsonak. Sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte "estatistika lotsagarri" hori salatzeko.
Asteartean 64 urteko behargina hil zen Erandion, Astilleros Murueta enpresan, metalezko xafla bat gainera erori zitzaionean. CNT sindikatuaren arabera Ainair azpikontrataturiko enpresarentzat ari zen lanean ontziolan.
Sindikatu horrek salatu du "denbora askoan ohartarazten" ari zirela horrelako zerbait gerta zitekeela, azkeneko urtean "langileen segurtasun eta osasunarentzako arrisku larria ekar dezaketen situazio eta prozedurak" salatu dituztelako. CNTk dio enpresak "produktibitate interesak lehenesten" dituztela dio eta araudia ez betetzea "normalizatu" dela.
Abendu beltza
Abendua beltza izaten ari da laneko heriotzei dagokionez Euskal Herrian: azkeneko hildakoa Erandoko Murueta ontziolan zenbatu da eta dagoeneko 53 dira lanean hil diren beharginak, LABek egiten duen kontaketaren arabera: 11 lagun Araban, beste 11 Bizkaian, 14 Gipuzkoan, 10 Nafarroan, 3 Iparraldean eta 4 kanpoan lanean ari zirela.
Iaz 69 lagun hil ziren lan-istripuen eta prekarietatearen ondorioz eta 2020an 72 izan ziren. Beheranzko bilakaera izan arren, sindikatuentzat "estatistika lotsagarriak" izaten jarraitzen dute.
ELA sindikatuak azaldu du lan-kargek, erritmoek, garaiera handiko azpiegituretan lan egiteak edo makinaria arriskutsua erabiltzeak, istripuak izateko arriskuak areagotzen dituela, "ez bada prebentzio araudia behar bezala ezartzen".
Sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte Erandioko azken heriotzagatik protestatzeko eta astelehenean elkarretaratzea egingo dute ontziolan bertan.