argia.eus
INPRIMATU
53 ikastetxetako kantinetan haragi biologikoa banatzen du Biozkaria elkarteak
  • 2011n ekin zion bere ibilbideari Biozkaria Elkarteak: “Gure haragia, tokikoa eta biologikoa, bertako eskoletako kantinetan eskaintzen ez zela ikusten genuen, eta kezkagarria iruditzen zitzaigun haur guztiek haragi ekologikoa jateko aukerarik ez izatea”, azaldu digu Eñaut Harispuru ekoizle eta elkarteko kideak. Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko bederatzi etxalde batu ziren hastapenean, eta Donibane Garaziko lizeoko sukaldari batekin hasi ziren.

Garazi Zabaleta 2020ko maiatzaren 07a

Donibane Garaziko hastapeneko esperientzia hartatik inguruko eskola eta lizeo gehiagotara zabaltzen hasi zen salmenta. “Kantinetan haragi biologikoa nahi zuten, baina merkea. Hori lortzeko modua zati merkeenak soilik saltzea zen, baina guk ez genuen hori onartzen, haur guztiek zati onenen haragia ere jateko eskubidea dutela uste baikenuen”, dio ekoizleak. Horrela, erabaki zuten erdibideko prezio bakarra finkatzea, lehen mailako nahiz bigarren mailako zatientzat: aldi batean eskola batek bigarren mailako haragi gehiago jasotzen badu, hurrengoan alderantziz izanen da, orekatua izan dadin. Ekoizlearentzat duina izango den prezioan saltzea du helburu elkarteak, baina aldi berean, klase sozial ezberdinetako ikasleek haragi biologikoa jateko aukera izatea.

Bederatzi ekoizle ziren proiektua abiatu zutenak, baina urteotako gorakadari esker, hamabi ekoizle izatera pasatu dira: “Lehen baldintza da ekoizpena osoki biologikoa izatea, baina tamainari dagokionez ere elkarteko ekoizle bakoitzak txahal kopuru bera sal dezake, eta horrek etxaldeen handitasuna murrizten du”.

Hazleak beraiek dira eskoletara banaketa egiten dutenak, eta ondorioz, sukaldariekin zuzeneko harremana dute. “Dugun beste abantaila bat da etxaldeak, hiltegia eta eskolak hurbilean ditugula: 80 kilometroren bueltan biltzen da dena”.

Etorkizuneko jatunak hezten

Elkartearen lanak ekoizpenetik eta banaketatik ez ezik, pedagogiatik ere baduela uste du Harispuruk. Izan ere, egun eskoletako jangeletan beraien haragia jaten duten haur horiek izanen dira etorkizuneko kontsumitzaileak, eta txikitatik elikaduraren eta ingurumenaren gaian sentsibilizatzea beharrezkoa dela uste du: “Eskolei etxaldeetara bisitak proposatu eta animazioak antolatzen dizkiegu, gure ofizioak azaltzeko”.

Elkarteko hamabi kideek elkarlanean egiten dituzte banaketa eta kudeaketa lanak. Ekoizpenaren %80 inguru eskoletara bideratzen dute, baina inguruko zenbait ostatuk ere hartzen diete haragia. “Pozik gara ostatu ezagunetako haragi bera eskoletako kantinetan jateko aukera dutelako haurrek”.